Irati Jimenez eta Harkaitz Cano euskal literaturaren berritzeaz arituko dira Bilbon

Irati Jimenez eta Harkaitz Cano euskal literaturaren berritzeaz arituko dira Bilbon Topaketa Bidebarrietako Liburutegian izango da, 19:00etan, Goizalde Landabasoren gidaritzapean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irati-jimenez-eta-harkaitz-cano-euskal-literaturaren-berritzeaz-arituko-dira-bilbon/@@download/image/My project-1 (3).png
2023/01/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Topaketa Bidebarrietako Liburutegian izango da, 19:00etan, Goizalde Landabasoren gidaritzapean.
Irati Jimenez eta Harkaitz Cano euskal literaturaren berritzeaz arituko dira Bilbon

Eztabaidak Literaturarekin XXI. mendean zikloaren barruan,  Zer behar dugu euskal literatura berritzeko? saioa egingo dute gaur, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian, 19:00etan. Irati Jimenez eta Harkaitz Cano idazleek hartuko dute parte, Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak moderatuta, eta euskal literatura berritzeko moduaz arituko dira, hainbat ikuspegi kontuan hartuta: irakurleena, argitaletxeena edo idazle belaunaldi berriena.

Irati Jimenezek hainbat alor landu ditu, hala nola haur-literatura, helduentzako narratiba, kontakizuna eta antzerkia. Hainbat sari ere irabazi ditu, besteak beste, Eleberri Laburreko Agustin Zubikarai saria, Euskarazko Ipuin Onenaren Donostia Hiriko Kutxa saria, eta Literaturako Igartzako akzesita. 2020an XXI. Miguel de Unamuno euskarazko saria irabazi zuen, Ogia eta zirkua lanarengatik eta iaz Saiakera kategoriako Euskadi Literatura saria jaso zuen, Begiak zabalduko zaizkizue lanarengatik.

Harkaitz Canok 18 urterekin argitaratu zuen bere lehen poema-liburua. Besteak beste, honako lan hauek argitaratu ditu: Beti oporretan (2015), Fakirraren ahotsa (2018) eta Twist (2011) eleberriak. 2014an, Euskadi Saria irabazi zuen haur eta gazte literaturaren arloan, Orkestra lurtarra lanarengatik, eta Euskadi Literatura Saria 2005ean eta 2012an, Belarraren ahoa, eta Twist liburuekin, hurrenez hurren. Iaz Pozaren erdia poema liburua kaleratu zuen.

Sarrera librea izango da eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da saioa Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.