'Irati' filma emango dute gaur Iruñean, aire zabalean

'Irati' filma emango dute gaur Iruñean, aire zabalean Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy ditu protagonista filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irati-filma-emango-dute-gaur-irunean-aire-zabalean/@@download/image/irati neska.jpeg
2024/08/26
Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy ditu protagonista filmak.
'Irati' filma emango dute gaur Iruñean, aire zabalean

Paul Urkijo arabarraren Irati filma emango dute gaur gauean, 22:00etatik aurrera, Iruñeko San Frantzisko plazan. Zinema Gauak zikloaren barruko emanaldia izango da. 

Erdi Aroko garai ilun batean kokatzen da pelikula, VIII. mendean. Kristautasuna Europan zehar ari da zabaltzen, sinesmen paganoak galdu ahala. Pirinioak zeharkatuz, Karlomagnoren tropak aurrera doaz. Hala, haraneko buruzagiak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odol-itun baten bitartez etsaia suntsituko du trukean bere bizitza emanda; aurretik, ordea, bere seme Enekori bere herria babestuko duela hitzemanaraziko dio eta bera izango dela buru aro berrian. Urte batzuk geroago, Enekok misio batekin egingo dio aurre agindu horri: bere aitaren gorpua berreskuratzea, modu paganoan lurperatuta baitago Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fededuna izan arren, Irati deituriko emakume paganoa eta enigmatikoaren laguntza beharko du. Bi gazteak baso arrotz eta babesgabe batean barrena sartuko dira, non “izena duen guztia existitzen den”.

Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy dira filmeko protagonistak, eta Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti eta Itziar Ituño ere aritu dira aktore lanetan. Lantalde teknikoan, berriz, jantzitegian Nerea Torrijosek, Mikel Serrano arte zuzendariak, Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja soinu-bandaren egileek, efektu berezietan David Herasek eta Jon Serranok, eta Gorka Gomez argazki zuzendariak parte hartu dute.

Lehenengo aldiz Sitgeseko jaialdian aurkeztu zen Irati pelikula, duela bi urte, eta bertan bi sari jaso zituen: publikoarena eta efektu berezi onenen saria. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ere izan zen eta Ikusleen Saria lortu zuen. Goya sarietarako bost izendapen ere lortu zituen.