Irati Anda: "Nire buruaren aurka lehiatzen naiz

Irati Anda: "Nire buruaren aurka lehiatzen naiz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irati-anda-quotnire-buruaren-aurka-lehiatzen-naiz/@@download/image/64p48-1_1365535643.jpg
2006/06/02
elkarrizketa
Orkatz Goenaga
23 urte besterik ez dituen arren, punta-puntako eskalatzaileek soilik egin ditzaketen bideak egin ditu dagoeneko Irati Andak. Gasteizko armiarmarekin solasean izan gara.

Oso langilea da Irati, hala ere, "lana neurrian" egin behar dela dio. Langilea ez ezik, polifazetikoa denik ezin ukatu. Bertsolari fina ere baita. Harkaitzean, 7c maila "bistaz" (hala esaten zaio, bideari buruz batere informaziorik eta laguntzarik gabe, harkaitza lehen saioan kateatzeari) eskalatu du. 8a maila, berriz, "flashean" —informazioarekin eta laguntzarekin, harkaitza lehen saioan kateatzea— egin du. Eta bidea landu ondoren, 8a+ maila ere egin du. Gaur egun,  ia marka ezin hobeak dira horiek. Iratik Espainiako Kirol Eskalada Kopako proba bat irabazi zuen iaz, eta laugarren geratu zen sailkapen nagusian. Aurten ere fin dabil. Urtea ezin hobe hasi du, Gasteizen Euskal Herriko bulder txapelketa irabazi baitzuen.

Zein helburu dituzu aurten kirol eskaladan?

Une honetan, Espainiako Kopan eta Txapelketa Nagusian podiumera igotzea dut helburu nagusia; hala, nazioarteko txapelketetara joateko txartela lortuko bainuke.

Eta harkaitzean?

Ahal dudan guztietan, harkaitzean eskalatzea atsegin dut. Errekorrak aintzat hartuz gero, "bistaz" lortu dudan maila hobetu nahi nuke, 7c+ edo 8a lortzeko. Era berean, 8b edo 8b+ mailako bideren bat probatu eta kateatzen saiatzea posible dela ikusiz gero, saiatuko naiz. Dena dela, 8a+ mailan egonkortzea ere garrantzitsua iruditzen zait.

Josune Bereziartu, Leire Agirre, Agurtzane Romero, zu zeu… punta-puntako emakume eskalatzaile asko dugu Euskal Herrian. Oinarrian lan handia egin da, ezta?

Oinarrizko lana baino, Euskal Herrian dagoen harrobi oparoa eta kirol eskaladak duen jarraitzale mordoa dira gaur egun eskaladak bizi duen egoera onaren gako nagusiak. Motibazio hau oso kutsakorra da, eta horrek lagundu egiten du eskalatzaileen maila hobetzen. Gezurra badirudi ere, kirol eskalada oraindik ezezaguna da Euskal Herrian, sarri mendizaletasunarekin nahasten baita. Hala ere, oraindik kirol honek laguntza nahikorik ez du. Baina, apurka-apurka, urrats interesgarriak ematen ari dira.

Euskal Herrian eskaladaren egoera ona da?

Geroz eta hobea da. Jende asko dabil egun eskaladan. Rokodromo eta bulder areto ugari daude, eta harkaitz eskoletara ere gero eta jende gehiago hurbiltzen da.

Gurean, eskalatzaile profesional izan al daiteke?

Batzuek lortu dute, behintzat. Erronka gogorra da, baina. Hala ere, ez da batere erraza mundu honetatik bizitzeko lain ateratzea. Gainera, zerbait lortzeko, beti jendearen atzetik ibili behar… astuna egiten da hori, eta entrenatzeko eta zentratzeko ere denbora kentzen dizu. Gainera, Euskal Herrian eskalatzaile profesionalen kupoa beteta dagoela dirudi, zaila baita Bereziartu, Agirre, Usobiaga eta Pou anaien artean bidea egitea; oso goian jarri dute muga.

Babesleen laguntza lortzea erraza al da?

Bakoitzak bere burua zaintzen du kontu horretan, laguntza batzuk badaude; baina ez da aski.

Oso gizarte lehiakorrean bizi gara.
Lehiarik gabe, kirolik ez?
Kirola, berez, lehian oinarritzen da. Nire ustez, lehiakortasun hori ulertzeko moduan datza kontua. Gozatu egiten dut lehiatzen naizenean: lagunartean nago, bidaiatzen dut, giro polita egoten da… Nire lehia, ordea, ez da beste eskalatzaileen aurkakoa. Nire buruaren aurkakoa baizik. Lehiara indartsu joatea, urduritasuna kontrolatzea, bidea ondo prestatzea eta lan polita egitea norberaren esku dago. Hortaz, lehia norberaren buruaren kontrakoa denez gero, hutsa  ere norberarena izango da. Bai txapelketetan, baita harkaitzean ere.

Mendizaleen artean lehia horrek askotan astakeriak egitera al garamatza?

Astakeriak egitera ez, baina bai txorakeria dezente egitera. Zenbaitetan, onenak izan nahi hutsal horretan gezurra nagusitzen da.

Eskalatzen hasi berria den bati, Euskal Herriko zein toki gomendatuko zenioke lehen urratsak eman ditzan?

Nafarroan harkaitz eskola polita da, bide erraz eta gozagarriekin, zinez. Hortaz, Lizarra ondoan, San Fauston, Eginon, Ataurin eta beste leku askotan ere gozatzeko moduko bideak daude hasiberrientzat.

Duela gutxi eskalatzen hasi direnei zein gomendio emango zenieke?

Ez dezatela presarik izan, eta eskaladarekin goza dezatela. Eskalada maitatzea eta harekin gozatzea da-eta garrantzitsuena.

Zeintzuk dute "pitzadura" handiagoa, eskalatzaileek edo bertsolariek?

Ez nuke esaten jakingo, "pitzadura" handia dago batzuen zein besteen buruetan.