Irakurketa hezeak

Irakurketa hezeak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irakurketa-hezeak/@@download/image/59p16-1.jpg
2006/01/06
erreportajea
Larraitz Arando
Gizarte gehientsuenetan izan dira idazlan erotikoak. Mendetan zehar, hainbat lerro eta orri bete dituzte amodiozko kontuek, igurtzien deskribapenek, nahiz maitemintze-aitorpenek. Euskal Herriko literaturan ere baditugu genero horretako hainbat testu. 

Euskal Herriko garai eta toki ezberdinetan jasotako literatura erotikoak, argi erakusten du sexualitatea eta erotismoa bizitzeko modu asko egon direla gure herri txiki honetan. Istorio bero, abesti xelebre eta kopla erotikoen sorta ederra pilatu dute urte eta urteetan zenbait idazle ospetsuk, hainbat fraile eta apaizek, anonimoek, abeslariek, poetek eta bertsolariek. Apika, gure arbasoen erotikaz zein gaurko erotikaz gozatzeko aitzakia paregabea izan daitezke ondorengo lerroak.

Noiztik euskarazko idatzi erotikoak?

Bernart Etxepare idazle baxenafarra –lehen euskal liburu inprimatuaren egilea (1545)– izan zen maiteminduen arteko gorabeherak idatzi zituen lehena. Mauleko Arnaud Oihenartek, aldiz, esaera zaharrak bildu zituen; amodiozkoak ziren horietariko gehienak.

Hasiera batean, batik bat apaiz "bekatariak" eta odol urdineko gizonak izan ziren bide hori jarraitu zutenak. Horien artean daude: familia noble bateko seme bat, ipuin satiriko-erotikoak idatzi zituena; atzerriratutako fraide maitemindu baten koplak; Nemesio Etxaniz apaiz euskaltzalearen kantak…  Horien ondoren, langile, nekazari zein emakumeak alfabetizatuz joan diren heinean, ugalduz joan dira testu erotikoen idazleak. Asko izan dira, beraz, euskarazko berba beroez, istorio eta bizipen epelak paperera eraman dituztenak.  

Euskal erotikaren eboluzioa

Zer dakigu idazlan erotiko zaharrei esker? Nola bizi zuen sexualitatea Euskal Herriak beste garai batzuetan?

Emakume edo gizon izatea adierazteko moduari deritza erotika. Garena adierazi eta kanporatzean, besteak erakartzeko gaitasuna izaten dugu askotan. Testu erotiko zaharrei esker, adierazteko modu horietan aldaketa nabariak izan direla jakin dugu. Badirudi atzean gelditu direla gona motzak, eta berna-ikuste une erotikoak; gaur egun, erotikoa izateko, osagarri gordinagoen beharra dagoela esan liteke. Halere, gogora dezagun gizonezkoek idatzi zituztela testu zahar gehientsuenak, Euskal Herrian ere, gizartearen goi mailako gizonezkoak baitziren historiaren eta erotikaren inguruan idazteko eskubidea zuten bakarrak. Ondorioz, arriskutsua izan daitekeenez idazle horien erotika euskal erotikaren eredu bilakatzea, tentuz interpretatu beharko ditugu testuok, momentu oro gogoan izanik, idatzi gabe gelditu diren hutsune asko daudela. Idazlan gehienetan, desiratutako objektua da emakumea, eta desiratzen duen subjektua, berriz, gizona. Orduko emakumeak ez ote zuen desiratzeko gaitasunik? Pierre Lancrek, Ipar Euskal Herrira etorritako inkisidoreak (1609) behintzat, ez zien horrelakorik antzeman euskal emakumeei; irakurri, bestela, euskal emakumearen inguruan zer idatzi zuen.

Gaur egungo euskal emakumeak sexualitatearen eta erotikaren gainean idazteko aukera gehiago du. Beraz, orain behintzat, badakigu euskal emakumeak baduela plazer sexuala desiratzeko gaitasuna. Urteek istorio horiek kontatzeko modua aldatu duten arren, hainbeste aldatu ote dira nesken aluak bustitzeko, eta gizonezkoen zakilak tentetzeko estimuluak?

Gozamenez irakurtzeko

Jarraian emango ditugun proposamenekin, zuk zeuk froga dezakezu zeintzuk diren gogoko dituzun estimuluak. Hona hemen zeure fantasiak astinduz edo birziklatuz gozatzeko irakurketa batzuk:

 -ALDIZKARI PIKANTEAK:
Aspalditik izan dira euskal aldizkariak literatura erotikoaren gune: Ostiela, Putz zena, Zuku Festa (gay-en eta lesbianen lehen euskal aldizkaria), Pornolore, eta esku artean duzun GAZTETXULO bera.

-EGUNKARIAK:
Gaur egun, egunkariek ere tartetxo bat eskaintzen diote sexualitateari; hala nola, Berriak astearteetan, Xirikak astero…

-LIBURUAK:
  Sexualitateari eta erotikari loturiko hainbat eleberri eta liburu ditugu. Eleberriei dagokienez, Txalaparta argitaletxearen "Literotura" sailekoak ("Kondoi urrunak", "Krabelina beltza", "Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak", "Lehengo aldia, Euskal idazleen ipuin erotikoak", "Filosofia apaingelan"…), "Altzak ez du bihotzik", "Sexuketan", "Euskal kama sutra", "Gerturik daukagu odola"… Bestalde, sexualitatea azaltzen duten liburuak daude, zenbait argitaletxek ateratakoak: Gaiak argitaletxea ("Sexualitatea eta Gazteak", "Beste sexualitateak", "Sexuaren inguruko sinismen eta tabuak"), Xenpelar kulturdendaren Sexulapikoa…

- HIZTEGIAK:
Aitor Aranaren "Gay Hiztegia" eta autore askoren artean egindako "Hiztegi Erotikoa".

- KANTU, BERTSO eta OLERKIAK:


    Gelara sartu eta
    andrea onduan,
    gerritik hartu eta
    ohera eruan,
    galtzak hankatiletan
    ta gona buruan
    hortik kontuak atera
    zer egin genduan. (Azpillaga)

Horrelako bertso asko bota dira plazetan, ehunka olerki idatzi paperetan, eta kantu ugari entzun ditugu irratietan. Amaia Lasaren poemak, Mikel Markezen abestiak, Azpillagaren bertsoak… horiek guztiak ere euskal literatura erotikoaren zati dira.

Askoz ere gehiago badiren arren, gure kulturako irakurketa epeletan arakatzen hasteko, irakurketa gozagarriak izan daitezke arestikoak. Horiek ezagutu ondoren, ezingo diogu hain erraz eutsi behin eta berriz entzun dugun esaerari: Euskal Herrian ligatzen ez dela, eta gurea herri hotza dela esaten duen hori, hain zuzen. Halako esaerek, argi erakusten dute, euskaldunok sexualitaterako dugun grina ez dela moda kontu soila, aspalditk datorkigun kontua baizik.