Irailaren 3an estreinatuko da zinemetan Lara Izagirreren 'Nora' filma
Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten iaz Lara Izagirre zinemagile bizkaitarraren Nora filma eta urtebete geroago Hego Euskal Herriko areto komertzialetan ikusteko aukera izango da, irailaren 3an hain zuzen ere. Ane Pikaza aktoreak gorpuztutako Nora, hogeita hamar urteko gaztea, da protagonista eta Euskal Herriko kostaldean egingo duen bidaia erakutsiko du filmak, zendu berri den aitonaren errautsak amonaren ondora eramateko.
Bi bidaia uztartzen ditu pelikulak: alde batetik, fisikoa, Norak aititeren autoan Euskal Herriko kostaldetik egiten duena, Ziburuko hilerrian haren errautsak uzteko; eta beste aldetik, emakume gazteak bere baitan burututakoa, bere bizitzarekin zer egin nahi duen erabakitzeko asmoz.
Ane Pikazaz gain, beste aktore askok ere parte hartu dute road movie honetan: Hector Alterio, Ramon Barea, Klara Badiola, Naiara Carmona, Itziar Ituño, Iñigo Aranbarri, Loli Astoreka eta Joseba Usabiaga. Izagirreren Gariza Films, Tandem Films eta La Fidèle Productions ekoiztetxeek ekoiztu dute filma elkarlanean.
2019ko udan egin zuten filmatzea eta lanaren lehen irudiak Durangoko Azokan aurkeztu zituzten.
