Irailaren 18an hasiko da Iparraldeko Bertsolari Txapelketa

Irailaren 18an hasiko da Iparraldeko Bertsolari Txapelketa Zortzi saio izango dira orotara eta hogeita lau bertsolarik hartuko dute parte. Finala Donibane Lohizunen izango da azaroaren 13an. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irailaren-18an-hasiko-da-iparraldeko-bertsolari-txapelketa/@@download/image/xilaba.jpg
2021/09/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Guillaume Fauveau

Zortzi saio izango dira orotara eta hogeita lau bertsolarik hartuko dute parte. Finala Donibane Lohizunen izango da azaroaren 13an.
Irailaren 18an hasiko da Iparraldeko Bertsolari Txapelketa

Iazko udazkenean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Xilaba bertso txapelketa bertan behera utzi behar izan zuten osasun krisiaren ondorioz hartutako neurriak zirela eta. 28 bertsolarik eman zuten izena orduko hartan eta aurtengoan 24 izango dira parte hartuko dutenak. Bakarka arituko dira, datorren urtean jokatzekoa den Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkapena baitago jokoan. Xilaban lehen hiru postuetan geratzen diren bertsolariak sailkatuko dira, dagoeneko txartela ziurtatuta duten Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin batera.

Zortzi saio izango dira guztira: lau kanporaketa, hiru finalerdi eta finala. Lehen kanporaketa hilaren 18an jokatuko dute Makeako herriko gelan. Karlos Aizpurua Etxarte, Gillen Hiribarren, Mizel Mateo, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Oier Urreizti eta Johaine Sarraillet arituko dira bertsotan. Bigarren kanporaketa, berriz, hilaren 25ean izango da Muskildiko Posonpesenea gelan eta Bittor Thicoipe, Ramuntxo Christy, Xumai Murua Berra, Xan Alkhat, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe izango dira protagonistak.

Urrian izango dira beste bi kanporaketak. Urriaren 2an Hiriburun arituko dira Josu Txoperena Iribarren, Patxi Iriart, Iker Altuna, Aitor Servier Etxexuri, Pettan Prebende eta Kerman Diaz bertsolariak. Azkenekoan, aldiz, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Amets Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Odei Barroso Gomila eta Egoitz Zelaia izango dira Gabadin.

Hiru finalerdiak urrian jokatuko dira kanporaketetan sailkatutako bertsolariekin. Maulen, Bardozen eta Izpuran izango dira saioak. Amaitzeko, azaroaren 13an izango da finala Donibane Lohizuneko Jai Alaien. Arratsaldeko bostetan izango dira saio guztiak.