Irailaren 15ean, Bonberenea Sutan

Irailaren 15ean, Bonberenea Sutan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irailaren-15ean-bonberenea-sutan/@@download/image/20127241461bonberenea_sutan1.jpg
2012/12/13
berria
Bi urtean behin antolatzen duten kontzertu sortaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Irailaren 15ean egin dute zita Tolosako Bonberenea gaztetxean, eta Glaukoma, Matxura, Berri Txarrak, Gas Drummers eta Gose taldeak igoko dira futbol zelaiko eszenatokira iluntzeko 20:30etatik aurrera. Sarrerak abuztuan jarriko dituzte salgai, eta internet bidez ere eskuratu ahal izango dira.

Tolosako gaztetxea bero-bero jartzen da bi urtean behin Bonberenea Sutan jaialdiarekin batera. Izan piromano eta zabaldu sua lelopean bilduko dira euskal gazteak musikarik onenaz gozatzera.

Gau berean, eraikinaren kanpoko aldeko futbol zelaian bost taldek eskainiko dute kontzertua, eta Euskal Herriko talde esanguratsuenetako laurekin batera, aurtengoan GAS Drummers andaluziarrak ere hurbilduko dira Bonbereneara.

Ateak arratsaldeko 19:00etan zabalduko dituzte, eta kontzertuei 20:30ean emango diete hasiera. Bonberena barruan, gainera, Olarious & Brothers Roc DJak arituko dira musika pintxatzen.

Sarrerak abuztuaren 1etik aurrera jarriko dituzte salgai, eta 15 euro balioko dute. Internet bidez eskuratu ahal izango dituzu sarrerak@bonberena.com helbidera idatzita. Ibili bizkor sarrerarik gabe gera ez zaitezen!

Taldeak


Glaukoma
Tolosako rap eta reggae taldeak lehen lana argitaratu berri du Bonberenea Ekintzaken eskutik, eta azken hilabeteetan batetik bestera aritu dira kontzertuak eskaintzen. Etxekoak izanik, haiek emango diete hasiera jaialdiari.

Matxura
Hainbat taldetan aritutako lau musikariz osaturiko taldea da Matxura, gure artea aski ezaguna. Rock gogorra da haien berezko marka, eta doinu horiexekin hurbilduko dira Bonbereneara.

Berri Txarrak
Euskal Herriko rock talderik ezagunenetakoa denaz gutxi dago esateko. Esperientzia luzeko musikariz osaturiko hirukoteak kanta indartsuak entzunaraziko ditu ohiko zuzeneko ikusgarrian.

GAS Drummers
Jerez de la Froterako taldeak indie eta rock estiloko doinuak ekarriko ditu gure artera. Jaialdiko "ezezagunak" diren arren, ibilbide luzea dute bizkar gainean, eta entzuleak harritzeko asmotan hurbilduko dira.

Gose
Arrasatearrek emango diote amaiera jaialdiari beren doinu dantzagarri eta efektu bisualen bidez. Gitarra, basea eta trikitixa inor baino hobeto menderatzen dituen hirukote ezagunak musika tradizionala eta modernoa uztartuko ditu, ohi legez.