Iraila proaktiboa

Iraila proaktiboa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraila-proaktiboa/@@download/image/aisia05_1472723192.jpg
2016/09/07
erreportajea
Testua: Jokin Etcheverria @films_jok
Abuztua igaro da eta udazkena dator, ziur aski hilabete goxoena iparraldeaz lasai gozatzeko. Egunek eguzkitsuak izaten jarraitzen dute, itsasoaren ura epela da, turistek alde egin dute... Bideak hutsik utzi dizkigutela, gure lurrak zeharkatzeko aukera ezin hobea dugu. Goazen ba, iraila proaktiboaz disfrutatzera!

ZER IKUSI
Nola adierazi amesten duguna edo sentitzen duguna? Irailaren 25etik aurrera ikustaldi interaktiboa eginen da Miarritzen, Ramuntcho Matta artistaren eskutik. Bertan marrazkietaz gozatzeaz gain, publikoak parte hartzeko aukera izanen du. Zure aztarnak utzi ahal izanen dituzu hormetan zintzilik egonen diren paper txurietan. Kale eginez gero, damutuko zara.

NON BERRAURKITU NATURA
Donapaleun, Chemins Bideak zentro berria ireki dute. Ipar Euskal Herriko bihotzean Baxenabarren kokaturiko frantziskanoen lehengo fraidetegiak bakea, ezagutza eta artea biltzen ditu.

Irailaren 21ean Georges Feterman bakezale eta zuhaitz maitalearekin batera Donapaleuko basoetara joateko aukera izanen duzu, espezie arraroen bila, eta bukatzeko, bere hitzaldia entzun ahal izanen duzu.



ROCKA

Miarritzen Rock Battle txapelketa izanen da. Iparraldeko gazteek urte osoa eman dute entseatzen, haien soinua fintzen lehiaketan garaile izateko.

Bestalde, beste hainbat rock talde gazte zentro sozialetan sortzen dira. Honen erakustaldia irailaren 17an Miarritzeko Plan Cousut zentroan ikusteko aukera izanen duzu, euskal rock talde berriak ezagutzeko toki egokiena.

ITSASOA

Sokoatik Hendaiaraino doan Corniche bidea irailaren 25ean itxiko dute. Oinez edo bizikletaz joan beharko da eta bidean, animazio asko izanen dira. Tailerrak, performanceak eta erakusketak, gai bakar bat hizpide dutela: Itsasoa eta ingurumena.

Egun batez bada ere, natura berreskuratzen dugu, autorik gabe eta noski, jakintasunaren bitartez.



NONJAN
Ziburun, Atalaia taberna berria ireki dute. Han bertan, euskal ekoizleen produktuak dastatu daitezke. Jon Garmendia kazetariak Esne Beltzaren letra biziak idazten ditu, baina beste talentu bat gordetzen du: sekulako eskua du plater onak prestatzeko. Aldi berean, Pini reggae abeslaria Esne Beltza eta BAD Sound System taldeekin elkarlanak egiten dabil eta bera ere han izanen da, janari garbia sukaldatzen.

Iraila guztiz proaktiboa izateko, ez ahaztu irailaren 25ean zure herrian bozkatzea!

Frantziskanoen fraidetegia



Donapaulen, Chemins Bideak zentro berria ireki dute. Ipar Euskal Herriko bihotzean Baxenabarren kokaturiko Frantziskanoen lehengo fraidetegia.