Iragarki panelak espazioan?

Ez litzateke espazioan iragarkiak jartzea helburu duen lehen proiektua. Teknologia hobetze bidean doan heinean, espazioa geroz eta eskurago dugu. Egun milioidunak espaziora bidaiatzen dute, eta dirudienez laster nahi duenak (edo dirua duenak) espazioan iragarki bat jarri ahalko du.
Geometric Energy Corporation, kanadar ikerketa eta garapenerako erakundeak, iragarkiak erakusteko gai den satelite bat jarri nahi du orbitan. Erakundeak jakitera eman duenez, CubSat deitutako satelite bat garatzen ari da, selfie makila baten moduko bat duena eta alboetan pantaila batzuk.
CubeSat-en atzean dagoen ideiarekin lortu nahi dena edonork iragarki bat espazioan jarri ahal izatea da. Selfie makil moduko honek kamara bat ere badu CubeSat-etik irudiak jasotzeko, zeinak YouTube eta Twitch bidez igorriko diren zuzenean. Edukia denbora mugatu batez igorriko da plataforma horietatik, izan ere CubSat txikia lurrazaletik ikustea ezinezkoa izango da, ezta teleskopioarekin ere.
Espazioan iragarkiak erosteko tokenak erosi beharko dira pantailen pixel jakin batzuk eskatzeko. Pixel bakoitza token bat izango da. Zenbait tokenek koordenadak erosteko ere balioko dute, baita pantailaren distira, kolorea eta denbora kopurua erosteko ere.
2022rako CubeSat orbitan jartzea espero dute. CubSat-ek espaziora hegan egingo du Falcon 9 kohetearen barruan eta honek bere ilargirainoko bidaian zehar askatuko du. Momentuz ez dute iragarri tokenek zenbat balioko duten espazioan iragarki bat jarri ahal izateko.