Iraganeko postalak

Iraganeko postalak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraganeko-postalak/@@download/image/2012743964posta_1360602948.jpg
2012/07/06
erreportajea
Testua: Karlos Zurutuza
Iraganeko postalak
Antzinarokoak dirudite gerrak jo dituen herrietako postalek. Urteek horituta, kartoizko erretratuok bakea noizbait izan zela gogorarazten digute.


Abkhazia



Abkhaziar kondaira eder batek honela dio: "Jainkoak lurra gizakien artean banatu zuenean, abkhaziarrak berandu iritsi ziren. Etxean bisitariak zeuzkatela eta behar bezala zaindu behar zituztela argudiatu zuten. Kaukasiar abegi onak hunkiturik, jainkoak beretzat gordeta zuen lur zatia eman omen zien abkhaziarrei: paradisua."

Abkhaziak Nafarroaren zabalera du eta ederra da oso. Itsaso Beltzak laztantzen dituen hondartza zurietatik, hauek bezain zuriak diren Kaukasoko gailurrak ikus daitezke. Naturaren espektakulua dela eta, Sobiet Batasuneko turismo gunerik preziatuena bilakatu zen errepublika ttipia. Riviera Gorria izengoitiaz ere ezaguna zen. Erraz uler daiteke Kremlingo agintari guztiek euren oporretako etxeak bertan eraiki izana, Siberiako izotzetatik urrun.

1993an galdu zen Itsaso Beltzeko "paradisua", Georgiaren kontrako independentzia gerran, hain justu. Gatazka motza baina basatia izan zen eta, bi bandoetako hildakoez gain, errefuxiatu ugari ere sortu zuen gudak. Nekez gogora gaitezke, garaiko nazioarteko arreta Sarajevok bereganatu baitzuen eta apenas iritsi baitzitzaigun Kaukasoko suteen berri. Postal hau duela bost urte eskuratu nuen Sujumen, Abkhaziako hiriburuan. Eguraldia ez da aldatu, jakina, ezta hondartza nahiz gailurren zuri garbia. Gaurko turistei atzeko eraikin horiek independentzia gerra gogorarazten diete: etxaurreak tiroz josita daude; balkoiak belztuta, asko angelu okerrean zintzilik… Hauexek bezain zirraragarriak dira zerurantz doazen eskailera bakartiak. Nonahi ikus daitezke Abkhazian.

Hogei urteotan, sei herrialdek baino ez dute Abkhazia aitortu: Errusiak, Nikaraguak eta Venezuelak, baita Kaukasoko errepublika baino txikiagoak diren Nauru, Vanuatu eta Tuvalu irlek ere. "Munduko herrialde handienak eta txikienak onartu dute gure errepublika", diote abkhaziarrek. Edalontzia erdi beteta ikustea deitzen zaio horri.

Afganistan



Kaki hitzaren jatorria ikasi berri dut. Antza, 'grisa' esan nahi du darieraz (Afganistango hizkuntza ofiziala) eta Ekialde Urrunetik hartutako mailegua dugu. Grisak dira hango mendiak, kaleak, jendearen arropak… 2010ean bertaratu nintzenetik, Afganistango giza eta natur paisaiak gehiegi idealizatu direlakoan nago.

Milaka urteko historian zehar, afganiarrek ez dute agintari bakar bat ere hautatu: erregeak, emirrak, lehen ministroak… indarkeriaz nagusitu dira beti denak, bata bestearen atzetik. "Afganiarrek gerra amaigabetan borrokatzen zuten; beti norbaiten kontra, eta inoiz ez zerbaiten alde", zioen Wojciech Jagielski kazetari poloniarrak. Herriak, besterik ezean, otoitz egiten zuen; buruzagiek krudelegi joka ez zezaten.

Nolakoa zen bizitza talibanak agintean zeudenean? Hamaika aldiz galdetu diot nire buruari eta, jakina, haien agintepean bost urtez (1996-2001) egon zirenei. Hauxe Kabulen jasotako testigantzetako bat: "Hamabost urte nituela aitarekin joan nintzen Hezkuntza Ministeriora, nire ikasketa agiriaren bila. Talibanak zeuden agintean eta bulegoan ez zegoen ez mahairik, ez apalik, ez idazteko makinarik… Azkenean dokumentua sinatu behar zidan funtzionarioa aurkitu genuen. Gela huts baten erdian zegoen, estufa ondoan eserita. Sua bulegoko paper ofizialekin biziagotzen ari zen".

Esan genezake afganiar herria bi muturrek harrapatuta dagoela egun: talibanak batetik, eta okupazioko tropak bestetik. "Gorroto ditut atzerriko tropak, ez zait gustatzen nire herria inbadituta ikustea. Baina azkarregi erretiratzen badira, talibanak erraz nagusituko dira, eta Erdi Arora bueltatuko gara berriz", entzun nion bati Kabulen.

Funtsean, herriak kakia nahiago du, berezkoa duen grisa baino. Tamalez, zuria ala beltza omen dira aukera bakarrak Afganistanen. Horrexegatik iruditu zait hain adierazgarria zuri-beltzeko postal hau, atenporala benetan.

Transnistria



"Moldaviak "separatista" deitu ohi digu, baina oker daude denak: guk ez genuen Sobiet Batasunetik banandu nahi", azaldu zidan Sergei Simonenkok. Transnistriako atzerri ministroa da Simonenko, oraindik inork aitortu ez duen herrialde baten kanpo harremanetarako ordezkaria. Berak eman zidan postal hau, beste hainbat oroigarriren artean.

Sobiet erraldoia erori ostean, dozenaka naziok aldarrikatu zuten euren independentzia; Estoniatik Tajikistaneraino. Halaxe egin zuen Moldaviak ere 1991n. Baina bere independentzia aldarrikatzeaz gain, Errumaniarekin batuko zirela iragarri zuen Gobernu berriak. Azken finean, 1940ra arte Errumaniako eskualdea baino ez zen Moldavia, eta hizkuntza latindar bera dute bi herrialdeek. Hango eslaviarrak, baina, ez zeuden ados. “Dniester ibaiaren ezkerraldean, errusiarrak eta ukrainarrak gara gehienak; zergatik batu beraiekin?”, gaineratu zuen Simonenkok.

Dagoeneko 21 urte igaro dira eta apenas aldatu da ezer Europa Ekialdeko bazter ezezagun honetan. Batek pentsa lezake denbora eten egin dela Dniester ibaiaren ezkerraldeko lur zatian. Sobiet Batasuneko atari zabaleko museoa dirudiela entzun dut askotan. Bat nator.

Nazioarteko onespena izan ezik, nazio ikur guztiak dauzkate transnistriarrek: oraindik igitaia eta mailua dituen bandera, auto matrikulak, moneta (Transnistriako errubloa), himnoa… Momentuz, Transnistriako pasaporteak ez du ezertarako balio; errepublikatik kanpo bidaiatzeko, Moldaviakoa edota Errumaniakoa (Bukaresten oparia moldaviar anaia guztientzat) erabil daitezke. Moskuk ere pasaportea eskaini zien errusiar jatorriko transnistriarrei eta Kievek gauza bera egin zuen ukrainar sustraidunekin. Lau pasaporte gutxi ez eta bosgarren bat ere erakutsi zidan hainbatek: Sobiet Batasunekoa, hain justu. CCCP siglak erraz bereizten ziren urre kolorez, azal gorriaren gainean. Ulertzekoa da. Munduak ahaztutako lur zati txiki hartan bizi arren, iraganari gogotik eusten diote transnistriarrek. Izan ere, inoizko herrialderik handienean jaio izanaz harro daude gehienak.

Albania



Noiz izan zenuen Albaniaren berri azkeneko aldiz? Gogoan al duzu egunkarian edota telebistan ikusi zenuen hango azken albistea? Badirudi antipodetako herrialdea dugula, ala Jupiterren ilargietako bat... Ba, ez al dago Albania Greziako mugan? Italiako takoian zera esan zidaten behin: egun argitsuetan, Albaniako kostaldea ikus daitekeela. Alperrik, Albaniak lainopean jarraitzen du eta.

Albaniarrek Shqipëria deitzen diote euren herrialdeari, "arranoen lurraldea". Tiranako postal honetan bertako bandera ikus dezakezue. XIII. mendekoa da eta, antza, Europako zaharrena da bi burudun arrano beltza.

Jakinminak jota bertaratu nintzen, gertukoa bezain urrutikoa baitzen herrialdea niretzat. 50 urteko erregimen maoistak isolatu eta gero, egun Europako Batasunaren muga blindatuak ditu harresi. Albaniarrak ez dira ongietorriak geurean; beraz, hara joan beharra dago Balkanetako herri misteriotsu hau ezagutzeko.

Herrialde osoan zehar sakabanaturik, erraz topa daitezke iraganeko paranoiaren arrastoak. Bigarren Mundu Gerran, Mussolinik Albania inbaditu zuen, Adriatikoaren bi ertzak "italiarrak" izatea baitzuen helburu buruzagi faxistak. Berriz gertatuko ote zen beldurrez, hondartza zuriak ere bunkerrez josi zituzten. Orain ez dago dirurik Gerra Hotzeko oroigarriok desagerrarazteko. Gehienak hutsik egon arren, batzuk etxebizitza, biltegi, baita taberna ere bilakatu dira, albaniar txiroenen irudimenak birmoldatuta. Ahaleginak ahalegin, onddo itxurako bunkerrok espaziotik etorritako ontziak dirudite, greziar, bizantiar, edo bestelako aztarna arkeologikoen alboan lurreratuta.

"Hiribiderik gabeko hiri asko bisitatu ditut, baina hauxe da inoiz ikusi dudan hiririk gabeko hiribide bakarra". Ilya Ehrenburg errusiar idazleak honela deskribatu zuen Tiranako Martirien Bulebarra. Alabaina, Albaniako hiriburua biziki eraldatu da komunismo garaiez geroztik, eta bere biztanlegoa hiru aldiz hazi da azken hogei urteotan. Bai, Albania azkar aldatzen ari da, baina misterioak bere horretan jarraitzen du. Gaueko irudi bat aukeratu dut, eguneko argiak xarma hautsi ez dezan.

Nagorno Karabaj



"Ba al dakizu pasaportean jarriko dizudan zigiluarekin ezingo duzula Azerbaijanen sartu?". Halaxe galdetu zidan Nagorno Karabajeko enbaxadoreak Jerevango (Armenia) bere bulegoan. Ekialde Hurbilean Israelgo zigiluarekin gertatu legez, Karabajekoa ere ateak ixten dizkizun horietakoa omen da.

1923an, Sobietar Batasunaren sorrerarekin batera, Nagorno Karabaj eskualdea Azerbaijanen esku geratu zen. 1988an, Perestroika legearen erreformaz baliatuz, eskualdeko armeniarrek Azerbaijandik banandu eta Armenian sartzeko eskaera egin zuten. Ebazpena gauzatu ez zenez, ondoezak azeriarren eta armeniarren arteko gerra piztu zuen 1991n. Armeniarrak nagusitu ziren, milaka hildako eta errefuxiatu eragin zituen amesgaiztoan. Errolda sekretupean gorde bada ere, egun 150.000 armeniar inguru bizi dira Nagorno Karabajen, baina ez dago azeriarren arrasto izpirik ere.

Karabaj hegoaldeko Tug herri txikian, banaketaren absurdoak goia jo zuen. Biztanleria bitan banandua zegoenez, marra bat egin zuten herriko plazan: alde batera armeniarrak, bestera azeriarrak. Bikote misto asko zeuden arren, ez zen salbuespenik egin, ezta euren seme-alabekin ere. Jolas garaian futbol taldeak egiten diren legez sakabanatu zituzten haurrak: zu hemen, zu han….

Gerraosteko postal honetan Armenia "handia" ageri da. Bertan ikus ditzakezue Armenia eta Karabajeko hiriburuak, Jerevan eta Stepanakert. Zazpi orduko bidaia da bien artekoa. Ekialderantz jarraitu ahala, Azerbaijanerantz, mapa desitxuratzen hasten da. Aldian behin tiro hotsak entzuten dira bertan, "hemen gaude", edo "ez dugu ahaztu" adierazten duten dunbotsak. Hantxe egiten dute talka Asia eta Europako mugek: errepideak ez doaz inora, mapak ez datoz bat… nekez lotu daiteke bi kontinenteen arteko puzzlea hemen.

Irak



Iragan martxoan bisitatu nuen Irak azken aldiz. Hamaika bidaiaren ostean, lagun asko egin ditut han; Turkiar mugako Zaho herri kurdutik, Pertsiar Golkoan dagoen Basoraraino. Gerra aurretiko Irak irudikatzen du postalak: goiko ezkerreko koadroan, emakume kurdu talde bat ageri da; alboan, Tigris edo Eufrates izan daitekeen ibai gaineko ilunabarra. Azpian, itsasontzi bat Basorako portuan –herrialdeko bakarra–, eta Mosulgo Meskita Handiaren minarete oker famatua daukazue eskuinaldean. Iraganeko nostalgia pizten dit, garai hura ezagutu ez banuen ere.

Bagdadera itzuli berri zen errefuxiatu batek zera esan zidan behin, hiri osoa estaltzen zuen hautsa berria zela, ez zuela horrelakorik ezagutu alde egin aurretik. Egia ote? Bagdaden jende askori luzatu diot galdera bera, eta bat datoz denak: "Hautsa berria da". Edonola, ez da hau, inondik ere, irakiarren arazo nagusia. Egun agintean dagoen Gobernua ustela eta autoritarioa da; herria errautsetan eta berreraikitzeke dago oraindik. Gainera, inbaditzaileek erabilitako armek etorkizuneko belaunaldiak ere kutsatuko dituzte, milaka urtez ziurrenik.

Tunisian, Libian edota Egipton bezala, irakiarrak ere protestan atera dira euren kale hautsietara azken urtean. Helburua, baina, ez da izan 20, 30 edo 40 urte boterean eman dituen tiranoa kanporatzea. Ugariak bezain oinarrizkoak dira egungo irakiarren eskaerak: lana, segurtasuna, ura eta argindarra... "Tunisian eta Egipton, herriak, bat eginda, tiranoak kanporatu ditu. Eta gauza bera egin izan bagenu guk Saddamekin?", bota zidan gazte batek. "Pentsa nolako sufrimendua saihestuko genukeen".