'Irabazi Arte!' telesailean girotutako komiki interaktiboa sortu dute

'Irabazi Arte!' telesailean girotutako komiki interaktiboa sortu dute Nerea Loiola idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak 'Irabazi Arte: Iraganeko mamua' komiki digitala aplikazio formatuan egin dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irabazi-arte-telesailean-girotutako-komiki-interaktiboa-sortu-dute/@@download/image/irabazi-app-porta.jpg
2022/03/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Nerea Loiola idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak 'Irabazi Arte: Iraganeko mamua' komiki digitala aplikazio formatuan egin dute.
'Irabazi Arte!' telesailean girotutako komiki interaktiboa sortu dute

Irabazi Arte! telesailaren unibertsoan girotutako euskarazko lehen komiki interaktiboa jarri du abian EITBk. Aplikazioaren bidez, Irabazi Arte: iraganeko mamua izeneko narratiban murgiltzeko aukera du erabiltzaileak, bineta interaktiboen bidez. Komiki digitala Android eta iOSen play storeetan eskura daiteke.

Abentura honetan Printzesek, lehen aldizetxetik kanpoko torneo batean parte hartzeko aukera izango dute. Bidaia horretan, besteak beste, Irene Paredes futbol-jokalaria ezagutzeko aukera izango dute, eta hainbat partida jokatuko dituzte. "Baina zelai barruko urduritasunaz gain, zelai kanpoko zailtasunak gainditzen ere ikasi beharko dute. Mugikor eta sare sozialen erabilera desegokiak bizipen korapilatsuak eragingo baitizkie. Prest egongo al dira horrelako erronkei aurre egiteko?", azaldu dute. 

Nerea Loiola idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak sortu dute komiki interaktiboa, ALAI argitaletxearen eskutik. EITBLab idea eta eduki berrien laborategiak sustatutako ekimena da eta mundu mailako komikien gune den webtoon plataformaren arrakastan oinarrituta abiatu dute proiektua.

Formatu berri honen bidez, "protagonistek istorioan entzungo duten musika entzuteko aukera izango dute erabiltzaileek, aipatuko diren pertsonen edo gertakarien inguruko informazioan sakondu ahal izango dute eta komikian aurrera egiteko, istorioaren garapenaren inguruko galderak erantzun beharko dituzte".  Lehen fasean atalak euskaraz eta katalanez eskainiko dira, eta klik eginda komikiaren hizkuntza aldatzeko aukera izango da.