'Irabazi Arte!' fikziozko telesaila estreinatuko du gaur ETB1ek

Irabazi Arte! haur eta gazteentzako fikziozko telesail berriaren estreinaldia izango da gaur ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etatik aurrera. Telesailak emakumezkoen futbol-talde baten ingurukoak jorratuko ditu, eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituztela iragarri dute, hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak.
Honako hau da telesailaren sinopsia: "Arene (Sua Enparantza) bere familiarekin Bartzelonatik Learora bizitzera etorriko den nerabea da. Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du. Aitonarekin bizitzen ikasi beharko du eta lagun berriak ere egin beharko ditu. Baina, batez ere, Arenek denen aurreiritzien aurka kementsu borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortu ahal izateko, herrian inoiz izan den lehendabizikoa".
Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano Arzak, Aritz Basterra, Ibai Ugarte eta Ander Rovira dira telesailean parte hartuko duten aktore gazteak. Bestalde, helduen paperak egingo dituzte Jose Ramon Soroizek, Iker Galartzak, Alvaro Garayaldek, Patricia Urrutiak, Tessa Andonegik, Eriz Alberdik eta Iñigo Larrinagak.
Musikak garrantzia berezia izango duela ere nabarmendu dute. Alde batetik, Chill Mafia kolektibo nafarreko Irenek, Kiliki Freskok eta Suneok egin dute karetako abestia. Bestetik, egungo euskal talde garrantzitsuenetako batzuen musikaz jantzi dute ekoizpena; lehen atalean, esaterako, ZETAK, Bengo eta Omago taldeen abestiak entzungo dira.
Irabazi Arte! ostiralero izango da ikusgai 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, EITBko Youtube kanalean eta Go!azen!-en aplikazioan, non telesaileko edukiek toki berezia izango duten. Gainera, Arene protagonistak eta bere lagunek podcast bat eskainiko dute astero EITBPodkast atarian, telebistako hirugarren atalaren emanalditik aurrera. Bestalde, webgunean eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak izango dira.
Pausoka ekoiztetxeak sortutako proiektua da Irabazi Arte!, Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean.
Lazkaon emanaldia
Telesailaren telebistako estreinaldiarekin bat eginez, EITBk lehen atalaren emanaldi berezia eskainiko du Lazkaoko pilotalekuan, Goierri Gorri emakumezko futbol klubaren eskutik eta Lazkaoko Udalaren laguntzarekin, 19:30ean. Telesailaren aktore protagonistak ekitaldian izango dira.