'Ipuingarria izango da' liburuaren festa antolatu dute bihartik igandera, Iruñean
Karrikiri Kultura Elkarteak Ipuingarria izango da liburuaren festaren hirugarren edizioa antolatu du bihartik igandera bitarte, Iruñeko Alde Zaharrean. Ahozkotasuna, ilustrazioa, poesia, musika eta ipuinaren bitartez, ateak irekiko nahi dizkiete irudimen kolektiboari. "Ipuinak entzutetik eta irakurtzetik haratago, gure komunitatea elkartzeko espazio bat sortu nahi izan dugu, gure txikiei haien herriko artistak ezagutzeko hitzordua jarri eta ez hain txikiei ere gozamenerako uharte bat eskaini", azaldu dute antolatzaileek.
Ilustrazio tailerrak, jolasak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, eta beste hainbat ekintza izango dira Kondestable jauregian, Herriko plazan eta Laba gunean.
Eskola ikasleentzako ekintzak izango dituzte bihar Kondestable Jauregian: Ane Gebara ipuin kontalaria eta Josebiskyren ilustrazio tailerrak. Ostiralean ere Jose Mari Karrere ipuinak kontatzen arituko da eta Amaia Karrerek emango ditu ilustrazio saioak. Arratsaldean, Laban, Itziar Telletxea eta Amaia Elizagoienen Ameli eta Xirrikituen Jostune izango da, eta Jose Mari Karrerek helduentzako ipuinak kontatuko ditu.
Larunbatean, Xinda ipuinaren soinu eta irudi kontaketa esperimentala egingo dute Inder Bhattik eta Eider Ustarrozek. Ondoren, Iñaki Zapirain eta Goiatz Labandibarrek Hizkien alde. Manifestua tailerra egingo dute sei eta hamar urteko haurrentzat. Peio Añorgak Pantxo zezena eta Maritxiki kontatuko du eta Alex Gurrutxagak eta Joana Otxoak Txori kantazale ikuskizuna eskainiko dute, piano musikaz jantziriko kontakizuna.
Azkenik, igandean, Ana Apikak Besoetako Ipuinak kontatuko ditu eta kristal margoketa egingo dute eguerdian.
