Ipuinak baino ez direlako

Ipuinak baino ez direlako https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ipuinak-baino-ez-direlako/@@download/image/94maddalen_arza_1362748976.jpg
2009/03/06
erreportajea
Maddalen Arzallus


Azken aldian galdera bat darabilkit buruan gora eta behera, aurrera eta atzera. Ez uste, hala ere, loa galarazten didanik, alderantziz. Einsteinek ere, ametsetan galduta aurkitu omen zuen bila zebilen erantzuna, eta nik ere esperantza horrekin hartzen dut lo gauero. Ez gaizki pentsatu, honek ez du esan nahi zientifiko ile-zuria eta ni maila berean gaudela uste dudanik, ezta haren kezka eta nirea ere.

Ez, nire txoriburu honetan gora eta behera, aurrera eta atzera dabilen galdera askoz ere interesgarriagoa da. Bada, bai, baina bakoitzak norbere interesak izaten dituela kontuan harturik esaten dut hau. Kontua da, ohera pozik eta gustura joaten naizen arren, ametsetan ez dudala sekula erantzunarekin topo egiten. Dirudienez, lotan nagoela, neuronek ez didate esna nagoela baino lan gehiago egiten.

Horregatik pentsatu dut kezka hemen azaltzea, erantzunik duenik inon badago, bidal diezadan. Batzuk barre egingo didate, eta beste batzuk, berriz, erotuta nagoela esango duzue, berdin zait.

Ia zer iruditzen zaizuen: zergatik hasten dira ipuinak "bazen behin..." formularekin, inoiz eta inon ez badira izan? Aitortu egia, Txanogorritxo eta Edurne Zuri liburuetan bakarrik agertzen dira. Eta zazpi ipotxak ere ez ziren bizi izan, ez aspaldiko garaietan, ezta urrutiko lurraldeetan ere. Baina gezurra esan izan digute beti. Nik ere, noiz edo noiz, printzesen ipuinak benetakoak direla uste izan dut. Inoiz sinetsi izan dut printze urdina aurkitu dudala, istoriorik ederreneko protagonista sentitu izan naiz. Denoi gertatzen zaigu gauza bera.

Amaiera ederra dela sinesturik, eta kalabaza baten barruan gordeta dagoela jakinik, bila abiatzen gara. Aurkitu ere aurkitzen dugu amaiera, eta izugarrizko kalabaza jasotzen dugu. Baina horrek berdin dio, hori ez da okerrena. Txarrena da, behin eta berriz sartzen dugula hanka bera kalabaza berean.

Baina denak ez dira ustelduta egongo, ezta? Nonbait egongo da guretzako moduko ipuinen bat gordeta. Agian horixe izango da onena, amaituriko guztia alde batera utzi, eta bidean hasiera berrien bila segitzea. Nahi duena etor dadila atzetik segika.