'Ipuin Txiki, Soinu Handi' umeei zuzendutako telesaila estreinatu dute
Ipuin Txiki, Soinu Handi saioa estreinatu berri du EITBk. Umeei zuzendutako telesaila da eta ozen irakurtzearen inguruan ardaztua dago. Aita-semeak dira pasadizo animatuak kontatzen dituzten pertsonaia nagusiak eta bien artean ahotsak eta soinu-efektuak jartzen dizkiete istorioei. EITB-koek adierazi dutenez, telesailak "ikusgarritasuna eta bizitasuna" ematen dio ozen irakurtzearen jarduerari. Ipuinetako pertsonaiak genero berdintasunaren eta aniztasunaren ikuspegitik sortuak omen dira, gainera.
Aitak kontatzen ditu istorioak eta umeak, berriz, pertsonaia askoren ahotsak eta ingurumen ezberdinetako soinuak sortzen ditu. Zazpi urteko umea da eta berak lantzen ditu haren ideia eta ahotsarekin soinu horiek guztiak, "adin txikiko umeen sorkuntza inspiratzeko helburuz".

Atal bakoitzean, hiru eta sei urte bitarteko haurrek bizi dituzten eraldaketa fisiko, mental eta sozialak hizpide hartuko dituzten ipuin laburrak kontatuko dituzte. Ipuin bakoitzak ilustrazio bat izango du, eta pertsonaiak eta eszenatokiak ezberdinak izango dira. "Aberastasun bisual handiko" telesaila dela azaldu dute, eta ilustrazio bizidunez osatutako istorio bakoitzak bere "unibertso propioa" daukala, kolorez, musikaz eta soinuz beteta. Halaber, ipuinek ume txikiek garapen fasean izaten dituzten bizipenen antzeko egoerak biziko dituzten pertsonaiak aurkeztuko dituzte: besteak beste, jantzi, gau osoa ohea busti gabe lo egin, bakarrik jan, korrika egin eta ezkutatu, aldapak igo eta igeri egingo duten protagonistak. Ipuinek gainera, "genero ikuspegia, ingurumenaren zaintza, desgaitasuna, elikadura osasuntsua eta garapen emozionala" lantzen dituzte, besteak beste. Ataletan, aniztasuna eta generoen arteko rolen berdintasuna babesten direla ere jakinarazi dute.
Astelehenetik ostiralera emango dute saioa, 20:30ean, ETB3n, arratsaldeko3 Ene Kantak saioren ondoren eta Lotara tartearen aurretik. Podcast formatura ere egokitu dute eta astelehenetik ostiralera atal berri bat izango da entzungai EITBPodkast plataforman.
"Ipuin Txiki, Soinu Handi" (Cuentazos con efectazos) saila, Señal Colombia eta LaPost Estudio ekoiztetxeen koprodukzioa da, eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu, horien artean, teknika mistoan egindako Telesail Onenaren Saria Kidscreen 2021 jaialdian.

