Ipuin kontalarien maratoia Donostian larunbatean
Lau ipuin kontaketa saio berezi eskainiko dituzte larunbatean ipuin kontalarien VII. Maratoian, teknika eta baliabide ezberdinak erabiliz. Goizeko hamaiketatik iluntzeko zazpietara izango da maratoia San Jeronimo liburutegi nagusiko ekitaldi aretoan.
Saroa Bikandik emango dio hasiera egitarauari, Tok tok OoooooooHHHH! izeneko kontakizunarekin. 2 eta 4 urte arteko haurrei zuzendutakoa izango da. Ordubete geroago, 12:00etan, Itziar Saenz de Ojer eta Joxan Arrue arituko dira Kontu konta kantaldia ipuin kantatuekin, 5 eta 9 urte arteko umeentzat. Arratsaldean, 17:00etan, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenak Marripuinak ipuin kontaketa ilustratua egingo dute, 7-12 urte artekoentzat. Azkenik, 18:00etan, May Gorostiagak Nire munduan eskainiko du, 15 urtetik aurrerako gazte eta helduentzat.
Goizeko bi saioetarako edukiera betea dago baina beste bietarako, bostetakoa eta seietakoa, izena eman daiteke oraindik. Zazpigarren edizio hau, ohi bezala, Galtzagorri eta Haur Liburutegi Nagusiaren elkarlanaren ondorioz gauzatuko da.

