Iparraldeko futbolariak ez dira euskaldunak

Iparraldeko futbolariak ez dira euskaldunak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iparraldeko-futbolariak-ez-dira-euskaldunak/@@download/image/3p18-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Amets Arzallus
Gezurra dirudien arren, "mugarik gabeko Europan", Iparraldeko jokalari gazteek ezin dute Hegoaldeko futbol taldeetan jokatu. Ximun Duhour hamasei urteko lapurtarrak Realean partidak jokatzeari utzi behar izan dio. Zergatik? Espainiako legeentzat atzerritarra delako. 

Ez , ez, lasai, ez gara Lizarazu edo Deschampsez mintzo. Gure gazte hau ez da profesionala, ez da munduko txapelduna, eta ez da zelairik-zelai "Marseillaise"-a kantari ibilki. Baina Ipar Euskal Herrikoa da, Kanbokoa, eta Hegoaldean egin nahi du futbolari, Realean. Alta, "atzerritarra"  delako, denboraldi honetan jokatu ezinik ibilki da. Izenez, Ximun Duhour, futbolari izaten uzten ez dioten euskalduna edo euskaldun izaten uzten ez dioten futbolaria.
Ximunek hamasei urte ditu, eta Realeko jubenilekin Espainiako Liga txapelketan jokatzen du. Edo hobeki erran, jokatu nahiko luke. Atezaina da. Biziki ona dela diote, eta arras gol gutti hartzen ditu. Orain hiru urte iritsi zen Zubietara, 1997an, eta azken bi urteetan arazorik gabe zaindu du txuri-urdinen atepea.
Baina aurten, gol mingarri bat jaso du. Ezin izan du gelditu. Nork eta Espainiako Federazioak sartu dio. Horregatik, denboraldi honetan, mementuz, ez du partida gehiagorik jokatzen ahal. Harmailetatik lagundu behar ditu taldekideak. Jokatzeko eskubidea kendu diote. Zergatik? Berak ere ez daki oso ongi, "atzerritarra naizela erraten didate", dio Ximunek. Ez du hori biziki gustuko: "Ni euskalduna naiz, eta erraten didatenean ezin naizela aritu frantsesa naizelako, bitxi egiten zait".
Guri ere bitxi egiten zaigu, bereziki gaur egun, mugarik gabeko Europa alde guzietan entzuten den garaian. Baina Espaniako legeari ez, ez zaio bitxi egiten. Izan ere, legeak dio, Lehen eta Bigarren mailan ez bada, atzerritarrek ezin dutela Espainiako Ligan aritu. Ximunen kasuan, arazoa ez da legea gaizki dagoen ala ez. Arazoa da Ximun atzerritarra den ala ez. Iduriz, Espainiako Futbol Federazioarentzat bai. Baina deliberu horien atzean, jukutria handi bat dago. Ximunen erranetan, "politika nahasten dute kirolean. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak moztu nahi dituzte". Oraingo honetan ere ez ote da Garzon tartean ibiliko?
Gainera, Ximunen arazoa ez da Zubietara mugatzen. Realean ezezik, euskal selekzioan ere ez diote aritzen uzten: "iaz, euskal selekzioarekin aritu behar nintzen, eta Madrildik ez zidaten utzi". Kontuak kontu, Espainiako Futbol Federazioa, edo dena delakoa, Ximuni bere ametsa zapuzten ari zaio: "Realeko talde txikietan ezin banaiz aritu, nire hobekuntza oztopatzen dute", dio berak. Mementu honetan, bere aterabide bakarra, zuzenean lehen taldera salto egitea litzateke. Eta azkenaldian, gezurra iduri luken arren, biziki ona izan behar da lehen taldera pasatzeko, eta edonork daki, hamasei urterekin eta jokatu gabe, hori ezinezkoa dela. Hori biziki ontsa dakite Romain Hubon eta Delmas Iparraldeko futbolariek. Azken bi hauek ere Ximunen arazo bera ukan zuten, eta azkenean, Realari eta beren ametsei agur esan behar izan zieten. Egun, bata Angelun ari da, Romain, eta bestea, Delmas, Paben, bere etxetik urrun eta Zubietatik urrunago. Baina Chiracek uzten dien bitartean...
Dena den, Ximunek ez du hain fite etsiko. Biharko edo etziko, Realaren atepera itzuli nahi du. Ohartua da nonbait orain eskasia handia dagoela, eta Realari gol anitz sartzen dizkiotela. Beraz, auzia oraino airean dago. Reala eta abokatu bat Federazioarekin hizketan ari dira, eta urte honen bukaera aitzin bilkura bat iraganen da. Ximunek ilusioz begiratzen dio bilera horri, eta berriro ere jokatzera itzultzea espero du.
Finitzeko, guzi hau ontsa azterturik, ez da harritzekoa Realak hainbertze gol jasotzea. Atezain atzerritar bat ekartzen dutenean, zaleek ez dute nahi. Eta etxeko atezain bat ekartzen dutenean, atzerritarra dela erraten diote. Martxa honetan, hemendik aitzina, atezainik gabe jokatu beharko dute. Eta, ez dakit, ni ez naiz aditua, baina ez dut uste hori soluzioa denik zulotik ateratzeko.