'Iparraldea Bertan' zikloa martxoaren 7tik 21era izango da Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean
Euskal kultur erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Iparraldea Bertan zikloaren 22. edizioa egingo du martxoaren 7tik 21era. Iparraldeko artisten sorkuntzak zabaldu eta lurraldeko kultura aberastasuna Hegoaldeko biztanleei ezagutaraztea du helburu zikloak.
Julen Achiary eta Maddi Oihenarten kontzertua izango da martxoaren 7an. Julen Achiaryren musikak bere haurtzaroan jasotako Euskal Herriko kantuen tradizioa eta ondoren egin dituen bidaietan topatutako munduko kultura ezberdinen ekarpenak uztartzen ditu. Maddi Oihenartek, berriz, Zuberoa aldeko mendiko artzainen kantu-tradizioaren ezagutza sakona du. A capella abesten du, haien moduan, eta naturan errotutako gaiak jorratzen ditu.

Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak komikiaren aurkezpena egingo da martxoaren 14an. Adur Larrea marrazkilariak Lapurdin XVIII. mendean, 1795 urtean, gertatutako pasarte historiko bat kontatu du iaz kaleratutako Lurbinttoko ohoinak komikian. Konbentzio Gerra amaitu ondoren, Ezpeleta, Itsasu eta Kanbo inguruetako soldadu ohiak deportatu eta exiliatu ohi batzuekin elkartuko dira eta gerran bereganatutako esperientziaz eta armez baliatuko dira gudara igorri zituztenak jazartzeko. Saio honetan Adur Larreak bere sortze prozesuan sakonduko du, dokumentazioan eta kokapen historikoan murgildurik.

Azkenik, martxoaren 21ean, Maia Iribarne Olhagaray eta Paxkal Irigoyen Etxeberriren Bañolet filma proiektatuko dute. Filmak kontestu geopolitiko berezi batean eraiki den asmatutako herri bat aurkezten du, populu zapalduek berriki berkonkistatu duten lurralde batean kokaturik. Pelikulak haurtzaroko begirada oinarri gisa hartzen du, hauen gogoetak eta jokoak erreferentetzat hartuz.
Ekitaldi guztiak zuzenean online ere jarraitu ahal izango dira, Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean.
