Iparraldea Bertan! zikloa datorren astean Donostian

Iparraldea Bertan! zikloa datorren astean Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iparraldea-bertan-zikloa-datorren-astean-donostian/@@download/image/iparraldea_bert_1393582828.jpg
2014/02/28
berria
Euskal Kultur Erakundeak eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneak elkarlanean antolatutako Iparraldea Bertan! zikloaren hamahirugarren edizioa martxoaren 5etik 26ra egingo dute. Kontzertuak, mintzaldiak eta erakusketak bilduko ditu aurtengo egitarauak.


Ipar Euskal Herriarekiko lotura sendotu asmoz, badira hamar urtetik gora EKEk eta Koldo Mitxelenak indarrak batzea erabaki zutenetik, eta Iparraldeko musikari, idazle eta artistak Donostiara ekartzen dituzte urtero Iparraldea Bertan! zikloaren baitan. Aurtengo edizioa martxoaren 5etik 26ra luzatuko da, asteazkenetik asteazkenera, nahiz eta Hitz-Enea erakusketa dagoeneko ikusgai den Koldo Mitxelenan. Oskar Alegria argazkilariak Iparraldeko etxeen izendegia iruditan bildu du.

Martxoaren 5ean, bestetik, Maddi Oihenartek kantaldia eskainiko du Jérémie Garat txelo jotzailearen laguntzaz, 19:30ean Koldo Mitxelenan, eta martxoaren 12an Eneko Bidegain idazle eta unibertsitateko irakaslearen mintzaldia izango da leku berean Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria gaiaren inguruan, 19:30ean.

Martxoaren 19an, halaber, Beñat Achiary & Philippe de Ezcurra abeslariek emanaldia eskainiko dute 19:30ean, eta Nahia Zubeldiak itxiko du zikloa, hilaren 26an, Manu Matthys musikariaren laguntzarekin.