Iparraldea bertan! jardunaldiak hasiko dituzte bihar

Iparraldea bertan! jardunaldiak hasiko dituzte bihar https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iparraldea-bertan-jardunaldiak-hasiko-dituzte-bihar/@@download/image/2012365119Iparraldea_bertan.jpg
2012/12/13
berria
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak Iparraldea bertan! XI. Jardunaldiak antolatu dituzte aurtengoan. Ipar Euskal Herriko kultura hurbiltzea helburu du ekimenak, eta bihar, asteazkena —martxoak 7—, lehen kontzertua eskainiko du Philippe de Ezcurra soinujoleak Donostiako Koldo Mitxelenan.

Ipar Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoa eta kultura ezagutarazteko antolatutako jardunaldiak dira Iparraldea bertan!-en baitan gauzatutakoak. Aurtengo programan, hiru kontzertu eta hitzaldi bat eskainiko dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Urtez urte garrantzia handiagoa eskuratu du ekimenak, eta geroz eta jende gehiagok hartzen du parte.

Ekitaldiak - Martxoak 7


Philippe de Ezcurraren kontzertua – 19:30etan, Koldo Mitxelenan
Pilotari ohiak soinujole moduan lortu du ospea, eta bihar Kattalin Indaburu kantariarekin eta Marina Beheretche biolin jolearekin arituko da.


Ekitaldiak - Martxoak 14


Begiz Begi eta Izarrak taldeen kontzertua – 19:30etan Koldo Mitxelenan

Begiz begi
Patxi Amulet eta Xabi Etcheverryk osatzen dute taldea, ahotsa eta gitarra lehena, bibolin jolea bigarrena. Beren kantu propioez gain, hainbat kantu tradizional ere eskainiko dituzte.

Izarrak
Lau emakume gaztek osaturiko taldeak Baxenabarreko Kantu Txapelketan hasi zuten beren ibilbidea 2004an, eta geroztik Niko Etxart, Anje Duhalde, Joseba Tapia, Oskorri eta Mixel Ducau eta Caroline Phillips bezalako taldeen kontzertuetan jardun dira hasierako gonbidatu gisara.

Ekitaldiak - Martxoak 21


Maddi Zubeldiaren kontzertua – 19:30etan Koldo Mitxelenan
Abeslariak Xano Urtxegi eta Txomin Arizaga musikariak lagun izango ditu, eskusoinua, gitarra, flauta eta buzukia joaz. Zubeldiaren konposaketez gain hainbat kantu herrikoi ere izango dira entzungai.


Ekitaldiak - Martxoak 28


Battitta Boloquyren hitzaldia
Garapen Kontseiluko zuzendariak eskainiko du Ipar Euskal Herriko egoera sozio-ekonomiko eta kulturalari buruzko hitzaldia. Euskararen egoera, muga arteko harremanak eta lurraldetasuna bezalako gaiak landuko dituzte bertan.