Iparra-Hegoa kultur asteak loturak sendotzen jarraituko du aste honetan Seguran
Muga, Langa, Bota, Sega izenburupean egingo dute 26. Iparra-Hegoa kultur astea Seguran, gaurtik igandera. Bidasoa ibaian muga pasatzeko ahaleginean bizia galdu duten migratzaileengan jarriko dute arreta: "Muga naturalik ez dagoelako euskararen herrian, langa eta gezurrezko hesi guztiak ireki nahi ditugulako Euskal Herria eraikitzeko, bota ditzagun bidean oztopoan jarri dizkiguten harriak eta sega har dezagun batzuek Iparraldetik eta beste batzuek Hegoaldetik, Euskal Herria maitasunez eta nortasunez eraikitzeko".
Harresia Bidasoan izeneko hitzaldia egingo dute gaur, kultur etxean, Harrera Sareko kide den Alaine Aranburu eta Alain Larrea abokatuarekin. Bihar, berriz, Euskal Herria eta migratzaileak solasaldia egingo dute Huheziko irakasle den Ane Urizarrek eta SOS Arrazakeria taldeko kide den Anaitze Agirrek.
Iparraren eta Hegoaren arteko harremanak sustatzen jarraitzeko asmoz, Urruñako ikastolako haurrak eta Baionako Etxepare Lizeoko ikasleak ere bertaratuko dira. Hainbat ekintza eta irteera egingo dituzte Segurako ikasleekin batera.
Beste hainbat ekintza ere izango dira aste honetan: sukaldaritza tailerra; bertso-kantu afaria Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Iker Zubeldiarekin; Libertimentua ikuskizuna; pilota partidak; gazte bazkaria; jolasak; manifestazioa; eta Gereziondoko ekitaldia, besteak beste. Musikarik ere ez da faltako, Kuxkuxtu txaranga, Xutik, DJ Bull, Kontrabanda eta Odei eta Balantza taldearekin.
Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.
