Ioan Gruffudd: Galesko printzea

Ioan Gruffudd: Galesko printzea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Ioan Gruffudd: Galesko printzea
Zineman lanean hasi zenean, bere izen "ahoskaezina" aldatzeko aholkua eman zioten.  Ioan Gruffudd aktoreak, ordea, ez zuen halakorik egin. Izen-abizenak ez ezik, bihotza ere galesa baitu mutilak. Gales peto-petoa, katolikoa eta tradizionalista da Ioan Gruffudd, eta horretaz harro dago. Denborak arrazoia eman diola dirudi. Gales nortasunak ez diolako, antza, kalte handirik sortu bere zinema ibilbidean.
"Pobol Y Cwm" telenobela galesan eman zituen lehen urratsak interpretazioaren esparruan Ioan Gruffudd gazteak. Sasoi hartan, oboe musika-tresna jo ohi zuen South Glamorgan Youth Orchestran. Urteak aurrera joan ahala, txiki egiten hasi zitzaion aberria. Aktore gisa hazteko Galesko mugetatik haratago joateko beharra sentitu zuen, nonbait. Hortaz, maletak eskuetan hartu eta Londresera abiatu zen. Bertan, Royal Academy of the Dramatic Arts entzutetsuan aritu zen ikasle. Ondoren, antzerkian eta telebistan hasi zen lanean Erresuma Batuan.
Handik gutxira, "Wilde" film interesgarrian eta "Titanic" ekoizpen hanpatuan parte hartzeko aukera izan zuen Ioan Gruffudd gazteak. Hala eta guztiz ere, oharkabe pasa zen. Sartu-irten laburra egin zuen zineman, tamalez. Porrot goiztiar horren ostean, telebistara itzuli zen. Paradoxikoki, telebistak bilakatu zuen izar. "Hornblower" luxuzko telesail apartak, zehatz-mehatz. Cecil Scott Forester idazle arrakastatsuak idatzitako eleberri ezagunak zituen oinarri telesail laudatu horrek, eta bertan, Hornblower itsas kapitain ingelesaren rola jokatu zuen Gruffuddek.
Telebistan erdietsitako ospea lagun, zinemara egin zuen jauzi berriz ere Ioan Gruffuddek duela ez asko. Hala, besteak beste, "Solomon and Gaenor", "Black Hawk Down" eta "King Arthur" pelikuletan parte hartu du azkenaldian. Nolanahi ere, "102 Dalmatians" da, ezbairik gabe, aktore galesaren filmik kutunena. Izan ere, mundu osoan ezagun egin zuen pelikula horretan egin zuen topo bere bihotzeko azukre koxkorrarekin. Alice Evans aktorearekin, alegia. "Fantastic Four" filma errodatu berri du AEBetan, eta zinema amerikarra ere liluratu duela dirudi. Apurka-apurka, bere txokotxoa lortzen ari da Galesko Printzea Hollywoodeko gortean.
Nortasun agiria:
Izena: Ioan Gruffudd.
Jaioteguna: 1973-X-6.
Jaiolekua: Cardiff (Gales).
Neska-laguna: Alice Evans aktorea.
Lagunik minena: Matthew Rhys aktorea.
Musika talde gogokoenak: Manic Street Preachers, Catatonia, Oasis.
Film maiteena: "The Hustler" (Robert Rossen).
Aktore kutunenak: Robert Redford eta Paul Newman.
Bizio bat: Garagardoa edatea.
Zaletasunak: Zinema, antzerkia eta pub galesak.
Kirolik gustukoena: Rugbya.
Maite du: Oboe musika-tresna jotzea.