Inurri lanaren gazi-gozoak

Inurri lanaren gazi-gozoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inurri-lanaren-gazigozoak/@@download/image/paul_egozkue_on_1365155682.jpg
2013/04/08
erreportajea
Irakasle batek animatuta hasi zen antzerkian Paul Egozkue (Donostia, 1970). Egun kamaren atzean dihardu, hastapenetan aurrealdea nahiago zuen arren.


Antzerki klaseekin hasi zenean hainbat lantxo egin zituen, garrantzitsuena, Loquillo y los trogloditas taldearen bideoklipeko protagonista papera. "Behin anaiak esan zidan telesail berri baterako castingak iragartzen zituztela ETBn, eta curriculuma bidali nuen". Goenkaleko Xabierren papera eskuratzea, baina, ez zen erraza izan: grabaketekin hasiak zirenean, zuzendariek esan zioten hika hobeto moldatzen zen beste aktore batek ordeztuko zuela. "Urduri jarri nintzen, baina aukera bat emateko eskatu nien". Esan eta egin!

Lehen urteak gogorrak izan ziren, aktoreek lan handia egin zuten, eta 3. denboraldia amaitutakoan iragarri zioten bere pertsonaiak ez zuela jarraituko: "Zaila izan zen, bizitza erosoa, ospea, dirua… nituelako". Madrilera joan zen antzerkia ikastera orduan, eta beste hiru urteren ostean berriro ere Goenkalera itzultzeko dei egin zioten. "Baina pertsonalki ez nintzen ongi sentitzen; erabaki txarrak hartu nituen, eta jarrera ezegokiek telesailetik atera ninduten".

Ordutik, Brandoren Txokoa obra alternatiboa sortu zuen 2005ean, eta hainbat proiektutan parte hartu ostean, zinemagintzan dihardu orain.

... eta gaur


Zazpigarren arteari loturik jarraitzen duzu, ezta?
Bai, benetan maite dudan mundua baita; nire burua maila pertsonalean eta artistikoan ezagutzeko aukera eman dit. Telebistan egindako azken lana Los Protegidos telesailekoa izan da, eta antzerkian ere aritu naiz. Iaz, gainera, Siento Miedo film laburra idatzi, zuzendu eta ekoitzi nuen, eta berriki nire bigarren gidoia amaitu dut.

Zein oroitzapen duzu ‘Goenkale’ko garaiaz?

Jende zoragarria ezagutu nuen, eta ikaragarri ikasi nuen Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola, Niko Lizeaga, eta abarrengandik.

Eskatuko balizute, itzuliko zinateke?
Ez dizut gezurrik esango: alde batetik pozgarria litzateke, baina bestetik beldur naiz, ez baitakit lankideek nola hartuko ninduketen.

Kultura eta artea krisi ekonomiko larria pairatzen ari dira. Zer duzu esateko?
Krisia dirudunek sortu dute, ez politikariek, benetan boterea dutenak aberatsak baitira. Garai bereziak bizitzen ari gara, egiten duguna gure ondorengoen jarraibidea izango delako. Ez dut ezer espero besteengandik, egoista hutsak baikara eta gure zilborrari so egiten baitiogu gehienetan.

Zinema egin duzu, telebista, antzerkia… Bete gabeko ametsik?
Ametsa bizitza bera da. Amets batetik sortu gara eta amets horri zentzua ematea dut helburu.