Intxaurrondoko gaztetxea arriskuan

Intxaurrondoko gaztetxea arriskuan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
berria
Intxaurrondoko Letaman gaztetxea arriskuan dago. Donostiako Udalak aspaldian adierazi zuen gaztetxea botatzeko asmoa, eta nahi hori berehala gauzatu nahi duela dirudi. Astelehenean bertan, irailak 24, Iberdrolako langileak joan ziren gaztetxera argia moztu nahian, eta udaltzainak ere agertu ziren. Gazteek tinko jarraitu zuten, eta gaur bertan Udalarekin bilera izango dute. Oraingoz, astebete atzeratu du Udalak Letaman botatzea, baina ez dirudi Udala jarrera aldatzekotan denik.

Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko kideak kezkatuta daude, Udalak gaztetxea botatzeko asmoa baitu. Baina gazteak ez daude 11 urtetan gaztetxe izan dena besterik gabe uzteko prest. 
Intxaurrondoko Gazte Asanbladaren oharrak honela azaldu du gertatutakoa: "Ostiralean jakin genuen jada udalak gaztetxea botatzeaz arduratuko den enpresa, Acuña S.A., kontratatu zuela. Igandean enpresa berak ohar bat ipini zuen gaztetxean, eraikina botatzen astelehenean hasiko zirela esanez. Astelehenean Iberdrolako langileen bisita jaso dugu eraikinaren argindarra moztu nahian, eta udaltzainak ere bertaratu dira gaztetxea hustu behar dugula esanez".
Gazteak Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta honek gaztetxea botatzeko lanak astebete atzeratzea erabaki du. Gaur bertan udaleko ordezkariek gazteekin eta bizilagunen elkarteko kideekin elkartzeko konpromisoa hartu dute. Bilera horren emaitza zein den ikusi beharko da orain.
Gazteek argi adierazi dute ez dutela gaztetxea uzteko inolako asmorik. "Gazteontzako gune libre eta autogestionatu bat izateko beharra eta eskubidea aldarrikatzeaz gain, helburu hauekiko gure konpromisoa berretsi eta LETAMAN defendatzeko gure eskuan ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugula adierazi nahi dugu".
Udalak esan duenez, gaztetxea botata, parke bat egin nahi du, Larrotxene kultur etxea handitzeko aukera aipatu du eta baita lur azpiko aparkaleku bat egiteko aukera ere.