Intsektuekin zauriak batak besteari sendatzen behatu dituzte txinpantzeak lehenengo aldiz
Ikertzaile talde batek, lehenengo aldiz, ohiz kanpoko jokabidea behatu du Gaboneko (Afrika) txinpantzeetan. Dirudienez, elkarri zauriak sendatzen dizkiote. Animalia hauek intsektuak harrapatzen dituzte eta euren zaurietan eta besteenetan aplikatzen dituzte, botika bat bailiran. Ikerketako autoreen arabera, jokabide hau gure enpatiaren antzekoa litzateke.
2019ko azaroan, Alessandra Mascaro-k, Ozuga Chinpanzzee Project programako bolondresak, Loangoko Parke Nazionalean Suzee deitutako txinpantze emeak bere seme nerabeari, Sia-ri, zauri bat aztertzen ziola ikusi zuen. Ondoren, airean intsektu bat harrapatu zuen amak, ahoan sartu zuen eta bere semearen zaurian aplikatu zuen.
Proiektuko zientzialariek zimino talde hau zazpi urtez aztertu zuten, baina orain arte ez zuten antzeko jokabiderik behatu. Mascaro-k eszena bideoan grabatu zuen. Irudietan Suzee ikusi daiteke zutik, bere semearen aurrean, pentsatuko balu bezala "zer egin nezake?". Ondoren gora begiratzen du, intsektu bat ikusten du eta harrapatu egiten du bere semearentzat. Hau behatu ondoren, ikertzaileak txinpantzeak monitorizatzen hasi ziren honelako jokabide gehiagoren bila. Hori gertatu eta hurrengo 15 hilabeteetan 76 kasu behatu ahal izan zituzten. Txinpantzeek euren zaurietan eta besteenetan intsektuak aplikatzen zituzten.
Beste kasu batean, Littlegrey deitutako heldu arrak zauri sakon bat zuen eta Carol-ek, eme helduak, eskua luzatu eta intsektu bat harrapatu ondoren, Littlegrey-ri eskaini zion eta honek bere zaurian aplikatu zuen. Jarraian, Carol eta beste bi txinpantze helduk zauria ukitu eta bestearentzat intsektuak harrapatu zituzten. Euren artean harremanik ez zuten txinpantzeak, taldeko kideen onura soilerako bakarrik, ekintzak burutzen behatu zituzten ikertzaileek.

