Interneterako hamaika bide

Kaixo, irakurle maiteok. Oraingo honetan dendara internet lotura bila goazenean sortzen zaigun zalantza argituko dizuegu: "Modema? Rdsi-a? Adsl-a? Kablea?". Zer demontre da hau guztia? Hemendik aurrera, zertaz ari zareten jakingo duzue.
Lehenik eta behin, modemarekin hasiko gara, sarearekin lotzeko aukerarik zabalduena. Biderik merkeena, baita mantsoena ere, aukeratu nahi badugu, modema eta telefono linea besterik ez ditugu behar. Modemak gure ordenadoreko datu digitalak seinale analogiko bihurtzen ditu eta telefono lineaz, seinalea gurearen antzeko beste sistema batera iristen da. Hala eta guztiz ere, sistema hau urte gutxi barru oroimenaren txokoan geratzea nahi genuke, gehienez ere segunduko 56 kbit abiadura har dezakeelako (ez nahastu kbit-ak kbyt-ekin).
Rdsi-a (integratutako zerbitzu sare digitala) azkarragoa da. Modem zaharretik abiatuta egindako hobekuntza da rdsi-a. Abantailarik nabariena, noski, abiadura da. Izan ere, seinaleetan beste modulazio mota bat erabiltzen du eta 64 kbit segunduko abiadura ere hartzen du. Horrez gain, etxeko telefono bakarra deskonektatu gabe internetekin lotzeko aukera ematen du. Rdsirako erabilitako modemak, eta baita telefonoak ere, ezberdinak izaten dira, baina dena den, ez dira askoz garestiagoak izaten.
Adsl-a (Asymetric digital subscriber line) loturarik azkarrena da oraingoz, eta ez da garestiegia. Kobrezko bi kable hauei esker, 2 Mbit segunduko abiadura lor daiteke. Rdsiaren abantaila berak ditu, azkarrago doa, baina hala ere, gure linea egokitu behar da eta horrek prezioa garestitzen du.
Azkenik, kable bidezko loturari buruz hitz egin behar dugu. Irrikitan gaude noiz iritsiko, hainbat telekomunikazio enpresa gure kaleetako zorua fibra optika sartzeko zulatzen ari direla ikusten dugun bitartean. Hau dena gauzatutakoan denean, ordea, gaiari helduko diogu. Bien bitartean, hiru aukera besterik ez ditugu. Eta aukera horiek eskuartean, zerbitzurik onena zein enpresak emango digun jakin behar dugu. Hori ere datozen hilabeteetan jorratuko dugu.