Interneten eritasunei buruzko informazioa bilatzeak gaixotu egin zaitzake

Interneten eritasunei buruzko informazioa bilatzeak gaixotu egin zaitzake Zenbaitengan obsesio bilakatu liteke eta behar baino gehiago kezkatu gaitezke sintomak egoki ez interpretatzeagatik. Psikologian 'ziberkondria' izenez ezagutzen da nahaste hau. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/interneten-mediku-informazioa-bilatzeak-gaixotu-zaitzake/@@download/image/6f5d3732-blood-pressure-gauge-connection-crumpled-263370.jpg
2022/05/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Zenbaitengan obsesio bilakatu liteke eta behar baino gehiago kezkatu gaitezke sintomak egoki ez interpretatzeagatik. Psikologian 'ziberkondria' izenez ezagutzen da nahaste hau.
Interneten eritasunei buruzko informazioa bilatzeak gaixotu egin zaitzake

Unean-unean medikuntza-informazioa Interneten bilatzen baduzu edo gaixotasun jakin baten azken ordukoak interesatzen bazaizkizu, lasai, normaltasunaren barruan zaude. Ez duzu obsesionatu behar, ordea. Gorputzean sumatzen duzun aldaketa txikienaren esanahiaren bila Internetera jotzea ez baita osasungarria. Modu horretan, 'ziberkondria' izenez ezagutzen den hipokondria zehatz bat pairatzeko aukerak areagotzen ari zara.

Informaziora dugun sarbide errazak zenbait pertsonarengan hipokondria areagotu du. Beraz, adituek diotenez, geroz eta ziberkondria kasu gehiago azalduko dira. Lehen, edozein sintomak sortutako antsietatea kudeatzeko medikuarekin hitzordua hartzen genuen. Alta, orain, ohikoagoa da lehendabizi Interneten bilaketa bat egitea, berehalakoagoa baita.

Datuen arabera, Interneten bilatzen dugun informazioaren %40 gaixotasunen batekin zerikusia du. Bilatuenak hauek dira: minbizia, hotzeria, diabetesa, beherakoa, alergiak, depresioa, alzheimerra, hiesa, anorexia eta Parkinsona.

Zer da ziberkondria?
Pertsona batek bere antsietatea eta pentsamendu obsesiboak kudeatzeko Internet kontsultatzea da. Pertsona honek sarean bere beldurren erantzunak topatu nahi izaten ditu, beti iturri fidagarrietatik ez badator ere informazioa. Noizean behin Interneten osasun informazioa bilatzeak ez du garrantzirik, bai ordea, behin eta berriz, etenik gabe egiteak.

Pentsa genezake espiral amaigabe honetan dagoenak gaixotasunen bat pairatzen duela. Ikerketek diote hori ez dela beti horrela, eta sintomarik gabe, gaixotasun ezberdinak kontsultatzeak gaixotu egin gaitzakeela.  Etengabe gaixotasunen inguruko informazioa bilatzen egoteak pertsona zaurgarrienei modu ezkorrean eragiten die.

Adituen hitzetan, nahaste hau pairatzen duten pertsonak ez dira gustura sentitzen euren sendagilearekin, batez ere ez badu eurak bezala pentsatzen edo ez badiote nahi dutena esaten. Are gehiago kezkarazten ditu horrek, egoerarik okerrena pentsatzera iristen dira eta, ezinbestean, antsietate sintomak areagotzen dizkie.

Egun, ez dago ziberkondriarentzako farmako tratamendu zehatzik, hipokondriarentzat ez dagoen bezala. Terapia psikologikoa da bidea. Horretaz gain, ariketa fisiko arina egunero egitea gomendatzen da, eta gaixoarentzat atseginak diren ekintzak burutzea, batez ere lasaigarriak direnak, izan irakurketa, margotzea... estresa hobeto kudeatzen ikasi dezaten.