Interneteko 007

Interneteko 007 https://www.gaztezulo.eus/albisteak/interneteko-007/@@download/image/15p25-1.jpg
2002/01/04
elkarrizketa
Interneteko 007
Azkenean, hainbat estatuk Echelon sarea egon badagoela onartu dute. Aspaldiko susmoa baieztatu da. Ameriketako Estatu Batuetan gertatutako erasoek aitzakia ezinhobea eman diete estatuoi. 

Duela zenbait hilabete Echelon ustezko espioitza sareaz jardun genuen. Sare hau ordenagailuen arteko harremanak espiatzeko ("esnifatzea" ere esan ohi zaio ordenagailu mundu honetan) sortu zen: faxak, e-mailak, telefonoak, webak... Hainbat komunikabidek bazuten haren berri aspaldi, baina informazioa ez zen kaleratu, inork ez baitzuen lehen urratsa eman nahi izan. Interneten zenbait orrialdek ziotenez, ordea, Echelon egiazkoa zen eta are gehiago, bertan AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Finlandia eta beste estatu asko nahastuta zeuden.

Artikulu hura argitaratu eta handik zenbait hilabetetara, estatu guztiok gu 24 orduz espiatzen dihardutela aitortu dute. Ez hori bakarrik: albistea ederki apaindu dute eta iritzi publikoari gure segurtasunaren alde ari direla sinestarazi diote.

Irailaren 11ko atentatuen ondoren, zenbait komunikabidek "justizia" nahia zabaldu dute artaldean eta haren gerizpean, estatuok onartu dute giza komunikazio oro espia dezaketen sareok egon badaudela. Nola uler daiteke, bestela, espainiar bat ABEetan pertsona "non grata" izendatu izana, aipatutako atentatuak gertatu eta handik gutxira lagun bati internetez Ben Ladeni buruzko txisteak bidali izanagatik?

Jakina, beraiek sistema hauek "gaiztoen" aurka baino ez direla erabiltzen ari diote. Baina nork daki?

Eta zer egin dezakegu?


Zer egin daiteke komunikazioen gaineko kontrola saihesteko? Guk bidalitako e-mailak geronek eta geronek nahi dugun jendeak beste inork irakur ez ditzan, esaterako, "enkriptazio" teknikak erabil ditzakegu. Teknika hauekin, mezuetako testuak edo letrak kodifikatu egiten dira, zenbait algoritmo matematikoei esker. Kodifikatuta daudenez, guk nahi dugun jendeak, eta ez beste inork, irakurri ahal izango ditu. Guk dakigunez, algoritmo hauek "puskaezinak" dira oraingoz.
Ez dugu ahaztu behar, bestalde, internet nabigazioa. Izan ere, kontrakoa iruditu arren, edonork jakin dezake zein orrialdetan ibili ohi garen eta are okerrago, gure ordenagailuan sar daiteke, gaizki babestuta badago. Benetako nabigazio anonimoa lortzeko, zenbait pauso eman behar dira aurrena. Nabigazio honetan, informazioa ez dugu zuzenean guk eskatzen, beste ordenagailu batek baizik, "proxy" ordenagailuak, hain zuzen. Honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, ondorengo web orrialdeetara jo dezakezu:
• www.kriptopolis.com (pribatutasuna eta ziber eskubideak)
• www.heinekenteam.com (informazio babesa eta sistima elektronikoak)