Internetek irakurtzeko ahalmena suntsitu dezake?

Internetek irakurtzeko ahalmena suntsitu dezake? Segundo gutxitan hamaika kontu ikustera ohitu gara, baina bakar bat ere ez dugu sakonean irakurtzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/internetek-irakurtzeko-ahalmena-suntsitu-dezake/@@download/image/5d0370cd2500004e12e86775.jpeg
2019/09/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Segundo gutxitan hamaika kontu ikustera ohitu gara, baina bakar bat ere ez dugu sakonean irakurtzen.
Internetek irakurtzeko ahalmena suntsitu dezake?

Inoiz baino informatuago bizi gara Interneti esker; ala alderantziz ote? Etengabeko informazio zaparradan igeri egiten ikasi dugu halabeharrez, eta ez zoratzeko, lehen begiratuan interesatzen zaigun hori harrapatzeko gaitasuna garatu dugu, beste guztia zokoratuz. Hala, minutu batean txiolandiako azken nobedadeak surfeatzen ditugu begiradarekin, dena eta aldi berean ezer ere ez irakurriz. Inoiz baino eraginkorragoak gara irakurketa azkarrean, baina zer gertatzen da sakon irakurri behar dugunean?

Arreta segundo gutxietan mantentzera ohitu garenez, geroz eta nekezagoa zaigu testu bakar bat denbora luzez irakurtzea. Azkartasuna findu dugu, baina sakontasuna eta kalitatea galduz. Hala, ziur aski testuren bat sakon irakurtzeko saiakera egitean, zatika irakurtzen amaitzen duzuela, eta ez lerroz-lerro. 

Irakurtzeko ohiturak aldatu ditu Internetek; hala, egun errazago zaigu 20 txio ezberdin irakurtzea eleberri bateko orrialdeei behar duten arreta eskaintzea baino. Hona datu bat; egun, Interneteko eduki labur eta nolabait leunei egunean sei ordu inguru eskaintzen diegun bitartean, liburu bat irakurtzeko erabiltzen dugun denbora ez da 40 minutu baino gehiago luzatzen. Ikerlariek argi dute; gure burmuinari  geroz eta gehiago kostatzen zaio arreta sakona mantentzea. 

IRAKURKETAREN ONURAK

Txikitatik aipatu digute irakurtzearen garrantzia, ariketa osasuntsutzat hartu izan da, eta garaiotan inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke fikzioaren irakurketa praktikatzea. Hain zuzen, geroz eta hotzagoa den gizartean, literaturak beste errealitate batzuk ezagutzeko eta pertsonaiekin enpatizatzeko aukera eskaintzen digu, gure gaitasun sozialak eta adimen emozionala elikatuz. Fikzioari esker, beste mundu eta pertsonak ezagutzeko aukera dugu, eta istorio horietan geure burua aurkitu dezakegu, irudimena astinduz eta pertsonaiek bizi dituzten beldur eta itxaropenak elkarbanatuz. Irakurtzeak beraz, humanizatu egin gaitzake. Ez al da sari polita?