Internet eta komunikazioaren iraultza

Internet eta komunikazioaren iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/internet-eta-komunikazioaren-iraultza/@@download/image/41p44-1_1368099199.jpg
2004/05/07
erreportajea
Gorka julio
Internet eta komunikazioaren iraultza
Internetek komunikazioaren arloan berrikuntza handia ekarri du jende askoren ustez: bestelako moldeak ekarri dituela, orain arteko eskemak aldatu dituela… Egia ote?

Komunikazioaren arloan aldaketa nabarmenak ekarri ditu internet-ek, zalantzarik gabe. Adibide bat ematearren, orain arte, albisteak guk haien sorkuntzan parte hartu gabe heldu izan zaizkigu. Internet-i esker, ordea, gu geu izan gaitezke informazio sortzaile; izan ere, gure idatziak eta bestelakoak sareratzeko aukera ematen digute gune askok.   

Gainera, iturri ofizialetatik kanpoko informazioa, hau da, informazio alternatiboa eskaintzen duten guneak daude.

Horien artean da www.euskalherria.indymedia.org. Bertan gu geu izan gaitezke kazetari, eta gainera, talde eta pertsona askok sartutako informazio interesgarria lor dezakegu: deialdiak, kontzertuak, albisteak…

Interesgarria da ere www.mediaberri.com gunea. Kazetaritza ikasle batzuek sortu zuten Afganistango gerraren inguruan hedabide handiek eginiko bonbardaketa informatiboa aztertu, eta horri aurre egin nahian. Agenda interesgarria eta erreportaje mamitsu asko topatuko dituzu gune honetan.

Informazio alternatibo asko

Antzeko beste proiektu batzuk ere badira interneteko amaraunean, esaterako, www.euskalherria.info. Gizartean gehiegi zabaldu gabeko informazioa plazaratzen dute bertan, eta gainera, nork bere berriak eta albisteak bildatzeko aukera eskaintzen du, hori bai, argitaratu aurretik arduradunek onartu behar dituzte. Gara, Berria eta Deia egunkarien albisteak ere irakur daitezke bertan.

Bestalde, www.sustatu.com gunean, kultura, hizkuntza, informatika, internet eta beste hainbat gairi buruzko informazioa bildu ohi dute. Gainera, gure idatziak bidal ditzakegu, eta nahi izanez gero, besteek bidalitakoei buruz iritzia eman.

www.cybereuskadi.com
guneak ere mota guztietako informazioa eskaintzen du, eta hamabost egunean behin @euskadi izeneko boletin elektronikoa plazaratzen du. Izena emanez gero, bi astean behin iritsiko zaizu zure posta elektronikora.

Baita gazteontzako ere

Gazteoi dagokigunez, ez dugu guretzako espreski egindako hedabide alternatiborik izan, duela gutxira arte, nahiz eta saiakerak izan diren, adibidez www.nodo50.net/gaztekaria. Dena dela, proiektu hori geldirik da, une honetan.

Duela urtebetetik, ordea, www.gaztesarea.org gunea dugu. Gazteok gazteontzako egindako informazio zabala aurki dezakegu bertan, batik bat gaztesarea.info atalean. Gogoan izan, irratia abiatu duela gaztesareak, duela hilabete eskas.

Bistan da, interneten komunikazio proiektu oso interesgarriak abiatu dituztela, eta horiek betiko kazetaritzaren eredua irauli dutela, neurri batean. Hala ere, internet askatasunaren erreinua izatetik urruti dago oraindik. Adibide bat,
www.basquered.net komunikazio alternatiboaren proiektu antzindaria izan zen, baina egun zentsuratua dago. Kanadako agintariek zentsuratu dute, herrialde horretako esparruan zintzilikatuta zegoen eta.

Ezinbestekoak



• www.text-image.com/convert/
Irudi bat karaktere sekuentziara pasatzeko orrialde bitxia.

www.argia.com.
Argia aldizkariaren gunea da honakoa. Gauza asko topatuko dituzu bertan: albisteak, hiztegiak eta Argian 1963tik 1998ra argitaratutako elkarrizketak, besteak beste.

Treba zaitez



Emule Plus-1h  euskaratutako programari esker, fitxategi asko beste pertsona batzuekin trukatzeko aukera izango duzu: irudiak, bideoak, musika…  Hemen aurki dezakezu programa.
Http://softkat.ueu.org/download/download.php?erref=146&file=../fitxategiak/iaritzeko/eMulePlus-1h.Installer.zip