Internazionalisten karabana

Internazionalisten karabana https://www.gaztezulo.eus/albisteak/internazionalisten-karabana/@@download/image/32p20-1.jpg
2003/07/04
erreportajea
Miren Santamaria
Internazionalisten karabana
Gazte asko, udan, brigadista joaten dira Brasilera, Mexikora, Kubara... Brigadista izateko bi baldintza besterik ez dira behar: kontzientzia internazionalista izatea eta ikasteko, entzuteko eta lanean aritzeko prest egotea.

Askapena, Komite Internazionalistak eta Euskadi-Kuba elkarteek urtero antolatzen dituzte brigadak atzerrira joateko. 

Adin guztietako jendea joan ohi da brigadista, baina gehienak 20 eta 25 urte bitarteko neska-mutilak dira. Brigadek beste herrialde baten egoera ezagutzea eta, bide batez, bertakoak Euskal Herriaz informatzea izan ohi dute helburu.

Gazte solidarioek, horretarako, propio prestatutako kanpamentuetan lo egiten dute, beste herrialdeetako brigadistekin, edo bestela, komunitateetan, bertako herritarren etxeetan. 

Batzuetan, brigadistek lan egin behar izaten dute —eskola edo erietxe bat berritu, nekazaritzan lagundu...—, baina, esan bezala, helburua herrialdearen egoera ezagutzea da. "Brigadistak herrien askatasunaren alde lan egin behar du. Beraz, herritarren arazoak ezagutu behar ditu, bereak balira bezala urlertzeko", esan digu Jose Manzaneda Euskadi-Kuba elkarteko kideak. Ildo honetatik, brigadistek harreman zuzen zuzena dute jendearekin, euren eguneroko bizimodua ezagutzeko, eta horrez gain, bisitak eta bilerak egin ohi dituzte: lantegiak, sindikatuak, gizarte mugimenduak, erietxeak, eskolak... Dena dela, parrandan ibiltzeko aukera ere bada, ez pentsa.

Latinoamerika nagusi
Euskal Herriko elkarte internazionalistak 1980ko hamarkadan sortu ziren eta orduz geroztik, makina bat brigada antolatu dituzte. Ugari dira, gainera, bisitatutako herrialdeak, gehienak Latinoamerikakoak: Kuba, Venezuela, Kolonbia, Nikaragua, Mexiko… Baina beste herri batzuetan ere ibili dira brigadak. Palestinan, esaterako. "Bertan, brigadekin lan egin zitekeen ikusi nahi genuen, baina Sharonen errepresioak ez du laguntzeko aukera handirik ematen", esan digu Imanol Telleriak, iaz Palestinan egondako Komite Internazionalistak taldeko kideak. Aurten, Irak-en izan dira talde honetako zenbait brigada, inbasioa aurretik. "Nazioarteko presioa egin eta euskal herritarren elkartasuna adierazi nahi genuen", dio Telleriak.   

Brigadista izateko, aipatutako taldeekin harremanetan jarri beharra dago. Elkarteok antolatutako proiektuen berri eta ezagutu beharreko informazioa ematen diete interesatuei. Bidaiaren gastuak brigadistek ordaindu behar dituzte, baina diotenez, esperientzia errepikaezina da.

Borja Sobas: “Kubatarrek asko eskertzen dute jendea entzuteko prest egotea”



Borja Sobas Kuban ibili da brigadista. 22 urteko bilbotar honen arabera, esperientzia oso aberasgarria izan ohi da.

Nolatan erabaki zenuen brigadista joatea?
Bidaiatzeko gogo handia nuen, eta brigadista gisa joatea beste herri bat ezagutzeko modu aproposa da, tokiak eta jendea gertutik ezagutzeko aukera duzulako. Normalean, oporretan atzerrira joaten diren turistek ez dute herritarren eguneroko bizimodua benetan ezagutzen.

Kanpamentu batean izan zinen. Nolakoa zen ohiko egun bat?
Goizeko 06.00etan jaiki eta lan egitera joaten ginen, azukre-kainaberatara edo frutondotara. Bost orduz aritzen ginen, 11.00ak aldera beroa jasanezina zen eta. Arratsaldez denetarik egiten genuen: irtenaldiak antolatu, hitzaldiak eman… Amaitu ondoren, futbol partida jokatzen genuen. Eta gauez, parranda.

Parranda galantak egiten omen zenituzten... 
Kuban oso giro alaia dago, primerakoa. Kanpamentuko jaiak lasaiak izaten ziren; musikaz eta ronaz lagunduta, nork bere esperientziak kontatzen zituen. Gure kabuz egindako parrandak, ordea, apartak ziren. Kubatarrek oso ondo hartzen dituzte brigadistak, eta beren etxeetan antolatutako festetara gonbidatzen gintuzten. Kubatarrak primerakoak dira: nahiz eta diru gutxi izan, dena ematen dute. Bertako jaietan salsa eta rona dira nagusi.

Bertakoek zein laguntza mota eskertzen dute gehien?
Kubatarrek asko eskertzen dute jendea entzuteko prest egotea; gu horretarako zabal-zabalik geunden.

Kubako egoeraz zein ondorio atera zenuen?
Kubatarren arazoak gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Kuba herri duina da eta nire ustez, bertakoek erabaki behar dute nola bizi nahi duten.