Internazionalismoa ikasgai

Internazionalismoa ikasgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/internazionalismoa-ikasgai/@@download/image/2012212385askap_1360859696.jpg
2012/02/03
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Internazionalismoa ikasgai
Askapenak 2012ko brigadetan izena emateko epea zabaldu du. Palestina eta Saharako borrokekin bat egingo dute nagusiki, baina hego ameriketara ere bidaliko dituzte brigadistak.

Brontzezko ezteiak beteko ditu Askapenak azaroan. Nazioarteko herriekin elkarlanean diharduen erakundea da, Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionala helburu. Azken urteetan Palestinara, Venezuelara, Kolonbiara, Saharara eta beste hainbat txokotara bidali dituzte boluntario euskaldunez osaturiko brigadak, irakaspenak jaso eta hemendik eramandakoak han uztera. Data berezia gogoan, baina lana albo batera utzi gabe, 2012rako helburuak finkatu dituzte. Oraindik asko baitago egiteko.

Internazionalismoa ulertzeko modu berri baten aitzindaritzat dute beren burua. Eta ez da gutxiagorako. 1987an erakundea sortu zenetik, hamaika herritan izan dira, eta beste hamaika prozesurekin egin dute bat, haien borroketatik ezagutza lortzeko asmoz. Brigadek duten garrantzia nabarmendu dute askotan, "ofentsiba kapitalistari aurre egiteko bide indartsua" baitira erakundearentzat.

Brigada horietako bi Argentinan eta Venezuelan izan dira berriki. Bertako lantegietako ekoizpen sistema alternatiboak gertutik ezagutu dituzte, "herri zapalduen errealitateak eraginda, sistema kapitalistari aurre egiteko moduak" bilatu behar izan baitituzte. Aurten, halaber, Palestinari eta Saharari erabateko jarraipena egiteko aukera aztertu dute, eta bertara bidaliko dituzte brigadak. Baina, horiez gain, Boliviako, Uruguaiko eta Hego Amerikako beste hainbat herrialdetako lantegi autogestionatuak eta sozialistak ere bisitatuko dituzte, beharginek elkartasunez sortutako ereduei Euskal Herrian ere ateak ireki ahal izateko. "Herriek elkarrengandik ikasi, elkar babestu eta indartzeko duten beharra" ezinbestekoa da Askapenarentzat, eta sorreratik egin bezala, lan horretan formatzeko erabiliko dituzte brigadak.

Beraz, brigadetan izena emateko epea zabalik dago apirilaren 1a arte. Horretarako, brigadak@askapena.org helbide elektronikora idatzi besterik ez da egin behar, eta informazio gehiago nahi izanez gero, www.askapena.org webgunean aurkituko duzue. 

“Patroirik gabeko enpresak posible dira”



Jon Mikel Fernandez brigadista moduan joan zen iragan uztailean Argentinara eta Uruguaira. Hemen utopikoak diren errealitateak han posible direla ikusi du.

Nolako esperientzia izan da?
Ikaragarrizkoa. Handik gauza asko ikasita itzuli naiz, gure kasuan behintzat, oso brigada intentsoa bizi izan dugulako: jendea eta esperientzia autogestionatu ezberdinak ezagutu ditugu, ez dugu denborarik galdu. Gure helburua hango esperientzia alternatibo sozioekonomikoak ezagutzea zen, neoliberalismorengandik eta kapitalismoarengandik haratago daudenak, eta lortu egin dugu.

Zenbat lagun joan zineten? Zenbat denborarako?
Lau lagun joan ginen, eta hilabete pasa genuen han, gehiengoa Argentinan. Duela hamar urte krisi ekonomiko oso sakona bizi izan zuten bertan, eta horrek langabezia handia eragin zuen, jende asko kaleratu baitzuten enpresetatik. Kalean geratu zirenek lantegiak berreskuratzeko mugimendu bat sortu zuten: langileek autogestionatutako lantegiak. Guk horiek ezagutu ditugu, hemen utopia dirudiena, han errealitatea baita. Langilerik gabeko enpresak ezinezkoak dira, baina patroirik gabekoak posible dira.

Nola erabaki zenuen brigadista moduan hara joatea?
Nire kasu pertsonalean, Askapenaren brigadan parte hartzeko interesa nuen. Haien ikuspuntu internazionalista ikusi eta joan etorriko elkartasun hori nolakoa den ezagutzeko gogoa nuen. Gainera, bidaia berezia izan da niretzat, "putzua" (Ozeano Atlantikoa) zeharkatu dudan lehen aldia izan delako.

Zer ikasi duzu hango esperientziatik? Zer ekarri duzu?
Maila pertsonalean, hango jendea ezagutzea zoragarria izan da. Pobrezian bizi diren arren, beren helburuak lortzeko borrokan darraite. Oso aberasgarria da, zuzenean haiekin bizi izan baitugu esperientzia. Maila politikoan, halaber, oso intesgarria izan da, egun bizi dugun krisi ekonomikoari begira, hango esperientziak hemen aplikatu behar izango ditugulako.

Zein lan egin behar da hara joan aurretik?
Egokia da norberak doan lekuko informazioa bilatzea, bertako historia ezagutzea, hau da, oinarrizko ezagutzak izatea. Hara joan aurretik formakuntza klase batzuk antolatzen ditu Askapenak, hango historia, mugimenduak, eta Euskal Herriko kontuak ere brigadistei helarazteko.

Eta bertan?
Bereziki laguntza politikoa deritzona ematen dugu. Alegia, gure errealitateari buruzko informazioa konpartitzen dugu hangoekin, baina ez ditugu adreiluak jartzen, ez gara gobernuz kanpoko erakunde bat. Hori oso garbi adierazi ziguten Askapenakoek hara joan aurretik.

Eta behin hona etorritakoan?
Handik itzulitakoan jasotako informazio eta esperientzia hemen zabaldu dugu. Egia da norberaren araberakoa dela, baina gure kasuan hainbat gaztetxe eta kultur etxetan ibili gara hango errealitateri buruz solasean. Hau da, brigada ez da bukatzen hegazkina Loiuko aireportuan lurreratutakoan.

Hara joateko gomendioa emango zenioke zure lagunen bati?
Bai, erabat gomendatuko nuke. Ez dakit zergatik, baina euskaldunoi oso harrera ona egin ohi digute atzerrian, fama oso ona dugu. Jendea eta esperientzia berriak ezagutzeko gogoak dituen orori esango nioke brigadetan izen emateko.