Instagrami zukua ateratzeko ezinbesteko 10 trikimailu

Instagrami zukua ateratzeko ezinbesteko 10 trikimailu Sare sozialak ingurukoen bizitzan kuxkuxean ibiltzeko baino gehiagorako ere balio du! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/instagrami-zukua-ateratzeko-ezinbesteko-10-trikimailu/@@download/image/Descargar-historias-de-Instagram.jpg
2021/02/05
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Sare sozialak ingurukoen bizitzan kuxkuxean ibiltzeko baino gehiagorako ere balio du!
Instagrami zukua ateratzeko ezinbesteko 10 trikimailu

Argazkien erreinua da Instagram, baina azken urteetan, sare soziala harago joan da, eta dagoeneko irudi estatikoak ez dira eskaintzen duen entretenimendu bakarra; stories-ak, reels-ak, txateatzeko aukera... etengabe garatzen doan sare sozial honek hainbat sekretu gordetzen ditu, beharbada ezagutzen ez dituzunak. Jarraian, sare sozialari zuku guztia ateratzeko ezinbesteko 10 trikumailu topatuko dituzu:

1. ARTXIBATU ZURE ARGAZKIAK: Inoiz probatu al duzu aukera hau? Oso erabilgarria izan daiteke aspaldiko argazkiak desagerrarazteko ala argazkiren bat denbora batez ezkutatzeko. Publikatutako argazkiren bat zure murrutik desagerrarazi nahi baduzu baina ez baduzu guztiz ezabatu nahi, hauxe da zure aukera. Nahikoa duzu ezkutatu nahi duzun argazkiak eskuineko botoiarekin klik egin eta "artxibatu" aukera sakatzearekin.

2. SORTU ARGAZKI ALBUMAK: Zenbat aldiz gertatu zaizu argazki bat gustatu eta "gorde" aukera sakatu izana? Hori oso ondo dago, baina ondoren argazkia topatzea zoramena bihurtzen da gordetako milaka argazkiren artean. Bada jakin Instagramek albumak sortzeko aukera eskaintzen duela; hemendik aurrera, txukun bereizi janari errezetak, argazki artistikoak edota ziur aski erostera animatuko zaren kamiseta horren argazkiak!

3. IRUZKIN IRAINGARRIAK BLOKEATU: Ez duzu zertan pertsona toxikoen edota trol-en iruzkin iraingarririk jasan behar. Inork zerbait itsusia ala mingarria idatzi badizu, kontuan izan blokeatzeko aukera duzula. Horretarako, nahikoa duzu zure pribatutasun eremura jotzea; bertan, "iruzkinak" atalean sartu, eta hainbat filtro aktibatzeko aukera topatuko duzu, tartean iruzkin iraingarriak desaktibatzeko aukera.

4. ISILDU NORBAIT JARRAITZEARI UTZI GABE: Zeinen zaila den batzuetan norbaiti "unfollow" egitea, ezta? Konpromisoz erabiltzaileren bati jarraitzeari utzi ezin badiozu baina bere sarrerak ikusteari utzi nahi badiozu, nahikoa duzu erabiltzailea isiltzearekin; hala, bertan egongo ez balitz bezala sentituko duzu, ez baitituzu bere eguneraketak ikusiko. Isiltzeko nahikoa da erabiltzaile horren kontuan sartu, eskuineko hiru puntuak sakatu, eta "isildu" botoiari ematearekin.

5. ETIKETAK EKIDIN: Batzuetan argazki batean etiketatzen zaituzte, zuk hala nahi ez bazenuen ere? Horrek badu konponbide erraza. Aurrerantzean halakorik ez gertatzeko, jo zure pribatutasun eremura eta bertan "etiketak" aukera sakatu; jarraian, etiketak eskuz onartzeko aukera aktibatu, eta kitto!

6. ZURE KONEXIOA EZKUTATU: Beharbada ez zara ohartu, baina Instagramek konektatua zauden ala ez adierazten die zure jarraitzaileei. Hori ekidin nahi baduzu, pribatutasun atalean "aktibitate egoera" aukeran sartu eta desaktibatu zure aktibitatea erakusteko aukera.

7. JARRAITU TRAOLAK: Instagramen jendea, markak edota enpresak jarraitu ditzakezu, baina baita traolak ere. Nola? Oso erraz; bilatzailean, topatu jarraitu nahi duzun traola hori, eta sartu zaitez. Behin bertan zaudela, "jarraitu" aukera sakatu.

8. GORDE ZURE ARGAZKIAK ZIRRIBORRO MODUAN: Beharbada lagunei zain zeundela argazki bat publikatzen hasi zara, baina amaitu aurretik etorri dira eta oraindik ez duzu publikatu nahi; nahikoa duzu atzera ematearekin. Mezu bat agertuko zaizu, argazkia ezabatu ala zirriborro moduan gordetzeko aukera eskainiko dizuna; aukeratu bigarrena eta amaitu edizioa beranduago.

9. STORIES ZAHARRAK BERRESKURATU: Aspaldi egindako stories-ak ez dira desagertzen, bazenekien? Zure kontuan eskuineko hiru marradun botoia sakatzen baduzu, "artxibatu" izeneko aukera agertuko zaizu; bertan sakatu, eta egindako stories guztiak topatuko dituzu! Baten bat berreskuratu nahi baduzu, sakatu eta berriro publikatu.

10. STORIES-AK EDERTZEKO FILTROAK ESKURATU: Bazenekien nahi beste filtro erabili ditzakezula zure stories-etan? Horretarako, nahikoa duzu stories bat sortu eta filtroetara jo; bertan "efektuak arakatu" aukera topatuko duzu, eta behin sartuta, filtroen artxibo amaigabearekin egingo duzu topo.