Instagramen kuxkuxean ibiltzea amaituko da

Asper-asper eginda, enegarrenez sartu zara Instagramen. Oraingoan baina, 'Jarraitzen' leihoa ireki duzu, zure lagunek ikusi eta gustuko izan dutena kuxuxeatzeko. Bada ahaztu horretaz; Instagramek itxi egingo du leiho hori.
Aldaketa aste honetan egingo dute, baina abuztutik hona dagoeneko hainbat erabiltzaileri "desagertu" egin zaie aipatutako leiho hori. Proba moduan hasi ziren leihoa pixkanaka ezabatzen, eta orain, app-aren erabiltzaile guztien kontuetatik desagertuko da. Hala, gure jarraitzaileek ikusten edo jarraitzen dutena ikusteari utziko diogu.
App-aren diseinatzaileek azaldu dutenez, leiho hori ez zen oso erabilia, eta askok ez zekiten bertan zegoenik ere. Gainera, pribatutasun gehiago eskainiko du app-ak hemendik aurrera.