Instagram erabiltzaileei euren feed-aren kontrola itzularazteko probak egiten ari da
Aspaldion Instagram-eko erabiltzaileak kexu agertu dira plataforma TikTok imitatu nahian dabilelako. Mezu ugari agertu dira euren lagunen argazkiak bakean gozatzen uzteko eskatuz, gomendiorik jaso beharrik gabe eta bideoen nagusitasun gehiegizkoa kenduta.
Horretaz oharturik, Instagram-ek egin behar zuen eguneraketa berri bat atzera bota du, nahiz eta ohartarazi duen "eboluzionatzen jarraituko dutela mundua azkar batean aldatzen ari baita eta guk berarekin aldatu behar baitugu". Eboluzioa kasu honetan erabiltzaileei ikusi nahi duten horren kontrola esleitzea izan liteke.
Metak iragarri duenez, bi funtzionalitate berri probatzen hasiko da plataforma ezagunean, erabiltzailea erdigunean jarriz.
Lehenengo aukera, post ezberdinak ez zait interesatzen etiketarekin markatzea litzateke, erabiltzailearen feed-ean gehiago azaldu ez daitezen eta aurrerantzean antzeko edukirik jaso ez dezan.
Bigarren funtzionalitateak erabiltzaileari aukera emango dio sare soziala berak nahi duen moduan ordenatzeko. Zenbait hitzekin zerikusia duten traolak, kontzeptuak eta emojiak ezkutatzeko aukera adibidez. Erabilgarria izan liteke, sekula kategoria baten edukian interesatuak egon izan bazarate, baina egun jada ez bazaizue interesatzen.
TikTok-en hazkuntzaren arrazoia algoritmoak erabiltzaileari interesatu lekiokeen edukia erakusten diela da, nahiz eta kontu hori ez jarraitu. Beste sare sozialek, Metak batez ere, eredu hau kopiatu nahi izan du. Horretan ari dela, Instagram erabiltzaileen haserrea bereganatu du, argazkiena zen sare soziala, bere horretan mantentzea nahi baitute.
Funtzionalitate berri hauek erabiltzaileari kontrol sentsazioa itzultzeko sortuak izan dira, ea bada funtzionatzen duten!

