Instagram-en argitaratzeak “cringe”-a eragiten dit: zergatik?

Instagram-en argitaratzeak “cringe”-a eragiten dit: zergatik? Joerek erakusten dutenez, geroz eta gehiago kostatzen omen zaigu Instagram-en gure bizitza partekatzea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/instagram-en-argitaratrzeak-201ccringe201d-a-eragiten-dit-zergatik/@@download/image/pexels-pixabay-248533.jpg
2024/08/09
Joerek erakusten dutenez, geroz eta gehiago kostatzen omen zaigu Instagram-en gure bizitza partekatzea.
Instagram-en argitaratzeak “cringe”-a eragiten dit: zergatik?

Historiaurrean Fotolog deitutako zerbait existitzen zen. Bertan jendeak, blog batean bezala, argazkiak igotzen zituen eta hauek testuekin lagundu. Ondoren iritsi zen sare sozialen leherketa. Hastapenetan Facebook zegoen. Bertan, 200 argazkiko albumak igotzen hasi ginen. Denborarekin kopuru hori murriztuz joan da, eta egun, karrusel moduan, gehienez, 10 argazki igo litezke Instagram-era.

Baina dirudienez, muga hori ez da arazo bat. Instagram-eko feed-ean geroz eta erabiltzaile gutxiagok argitaratzen baitituzte argazkiak. Gure lagunen profilak begiratu besterik ez duzu, azken argitalpena beharbada orain dela hilabete askokoa da, edo urteak pasa dira. Zer ari da gertatzen?

Teoria bat izan liteke, aplikazio famatuak erabiltzaile xumeongan ez duela horrenbeste interesik eta eduki sortzaileak lehenesten dituela. Izan ere, gaur egun gure feed-ean ikusten dugun gehiena, jarraitzaile pila dituzten pertsonen edukiak dira eta horregatik, argitalpenak sortzeko interesa galdu genezake. 

Gainera, algoritmoaren aldaketa horiengatik, apenas lortzen dute gure argazkiek ikusgarritasunik. Lehen behintzat “atsegin dut” batzuk biltzea lortzen genuen, gure ezagunenenak baziren ere; orain, zure lagunak agian ez dira ohartu ere egin zerbait argitaratu duzula!

Honi, Instagramek ezartzen dituen kanonetara iristea ez dela erraza gehitzen badiogu, gogoa erabat joaten zaigu. Zu azaltzen zaren argazki bat igotzen baduzu, hondartzan, irribarretsu, modaz pasata zaude. Pertsona modernoek egiten duten bezala, karrusel ero bat sortu behar duzu guaya izateko. Beraz, erridikulua egin aurretik hobe ezer ez argitaratzea, ezta?

Gainera, batzuek diotenez, karruselak ere jada hilda omen daude. 2021eko kontua dira. Orain, geratzen zaigun bakarra Instagram-eko story-ak dira. Gainera, igotzen duzuna cool-a ez bada ere, egun bakar bat iraungo du bertan eta jendeak berehala ahaztuko du. Zenbat arau, ezta?

Hemendik zera aldarrikatu nahi dugu: argitaratu nahi duzuna nahi duzun moduan, cringe-a ematen baduzu, zer axola du? Maite zaituztenek maitatzen jarraituko zaituzte. Zure sare sozialak zureak dira, eta nahi duzuna egin dezakezu horiekin.