Instagram-ek gure buru osasuna hobetzen ere lagun diezaguke

Instagram-ek gure buru osasuna hobetzen ere lagun diezaguke Osasunaren Mundu Erakundearen arabera buru osasuneko nahasteak areagotu egin dira. Arreta psikologikoa eskuratzea ez da erraza ordea, ez eta merkea ere. Horregatik, sare sozialak pasatzen zaigun hori ezagutzen eta kudeatzen saiatzeko tresna bihurtu dira askorentzat. Psikologia baikorra podcast eta Youtubeko bideotan aurkitzea ohikoa da eta gure Instagram-eko "feed"-ean ere ez da arraroa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/instagram-ek-gure-buru-osasuna-hobetzen-ere-lagun-diezaguke/@@download/image/11235915_11098.jpg
2023/01/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera buru osasuneko nahasteak areagotu egin dira. Arreta psikologikoa eskuratzea ez da erraza ordea, ez eta merkea ere. Horregatik, sare sozialak pasatzen zaigun hori ezagutzen eta kudeatzen saiatzeko tresna bihurtu dira askorentzat. Psikologia baikorra podcast eta Youtubeko bideotan aurkitzea ohikoa da eta gure Instagram-eko "feed"-ean ere ez da arraroa.
Instagram-ek gure buru osasuna hobetzen ere lagun diezaguke

Egunaren orduak zertan igarotzen ditugu behatuko bagenu, ikusiko genuke sare sozialetan denbora ugari xahutzen dugula. Twitter-eko eztabaidetan, TikTok-eko dantza biraletan edo influencer-en bizitza perfektua behatzen. Honek guztiak, erabiltzaileon buru osasunean eragina izan lezake. Ikerketa batzuen arabera, sare sozialak erabiltzen dituzten emakumeen %32ak okerrago hautematen duten euren gorputza, ezinbestean beste erabiltzaileekin alderatzen baitira. Gainera, 2019ko ikerketa batek ondorioztatu zuenez, Instagramek gure buruaz dugun irudia narriatzen du, eta nerabeen artean buruko arazoak sortzeko arriskua areagotu lezake.

Alabaina, aditu batzuk aldarrikatu nahi izan dute Instagram gai ezberdinez kontzientziatzeko plaza ere izan daitekeela, kontu egokiak jarraituz eta modu kritikoan erabiliz. Gaineraz, geroz eta influencer gehiago, euren jarraitzaileentzat, espazio seguruak sortzen saiatzen dira. Arazo zehatzei aurre egiteko trukoak argitaratzen dituzte edo egungo egoera baten inguruko edukia, beti ere ikerketa zientifikoetan oinarrituta. 

Azken urteetan, bereziki pandemia dela eta, buru osasunaz asko hitz egin da kalean, medioetan eta erakundeetan. Honegatik, zenbait lege atera dira sare sozialetan buru osasuna babesteko helburuz. Horietako bat, argazkiak moldatuak badaude hauek horrela direla ohartarazi behar dela da. Neurri ona bada ere, profesional askorentzat ez da nahikoa eta azpimarratu nahi dute kontzientziazioan eta hezkuntzan sakondu behar litzatekeela. 

Pantailaren atzean dagoen pertsonak zer gertatzen zaion ulertu behar du. Horregatik garrantzitsua da hezkuntza emozionala eskaintzea eta eduki bat ikustean modu jakin batean sentitzen bada nola jokatu behar duen irakastea.

Izan ere, testuinguru honetan filtroek eta joerek jokabide kutsakorren katalizatzaileak izan litezke, benetako ez den informazioa zabalduz. Aldi berean, ordea, buru osasuneko estigmekin apurtzeko leku paregabea da pertsona anonimo ugariren eta profesional batzuen lanagatik.

Sare sozialen laguntzaz gai hauen inguruko elkarrizketa publikoa normalizatu egin da. Zabalkundea oso positiboa da, gertatzen zaigun hori hitzetan jarri eta laguntza eskatzeko ausardia hartu dezagun. 
Ikusgarritasunean urrats handiak eman badira ere, aurreiritzi asko existitzen dira oraindik laguntza eskatzeren edo terapiara joateren inguruan. Emozio ezkorrak onartzen ikasi beharra dugu, deseroso sentitzea ere normala baita, beti ezin gara gogo-aldarte onean egon. 

Sare sozialek, ordea, bizitza perfektu eta zoriontsuak erakusten dituzte, beti eguzkitsu dauden lekuetan. Z belaunaldiak, ordea, naturalitatearen alde egin du eta plataformentan ezinegon horiek agerian uzten dituzte, zorionez. 

Ez da harritzekoa beraz, gazteen artean BeReal sare sozialak izan duen arrakasta. Istant bat erakusten du filtrorik gabe, egunean behin eta soilik hurbileko lagunentzat. Funtzionamendu honekin komunitate errealago bat sortu nahi da, Instagrameko paisaia idilikoak alboratuz eta teknologiaren erabilera arduratsua bultzatuz.  

Kontzientziazio, hezkuntza eta zabalkundeaz gain, hausnarketa eta aldaketa indibidualak ere baliagarriak dira aldaketa kolektiborako. Pertsona moduan, rol garrantzitsua dugu, nahiz eta pentsatu gure sare sozialetako argitalpenek ez dutela zabalkunderik. Gure inguru hurbilean eragin genezake eta keinu txiki batekin ondokoa lagundu gai baten inguruan kontzienteago izaten. Besteen fisikoaren inguruko iruzkinak ez egiten has gintezke, beste pertsonaren edukiak errespetatzen gustatu ez arren edo erabilgarria iruditu zaigun informazioa gure kontuetan zabaltzen. Beraz, jarraitzaile asko ez badituzu ere zenbaitentzat influencer-a izan zintezke. Partekatzea (hobeto) bizitzea baita.