Ingurune digitalean diharduten emakume gazteen lana aitortzen duen Gladys sarirako hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute
Puntu.eus-ek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak Gladys Sariaren laugarren edizioa jarri dute martxan, ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzeko asmoz.
Olatz Arbelaitz EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidearen hitzetan, "Gladys del Estal sariak mundu digitalean diharduten eta oso profil desberdina duten hiru emakume puska saritu ditu orain arte eta ondorioz, hiru erreferente berri ezagutarazi ditugu gizartean. Baina ez dira nahikoa. Askoz erreferente gehiago behar dira oraindik gizarte osoak izan dezan sektorean aritu daitezkeen profil anitzen berri eta esparru digitaleko lanbideak neskato gazteentzat ere erakargarri izan daitezen.”
Aurkeztu berri den edizio honetan ahalik eta hautagaitza gehien jaso nahi dira. Gladys Sarirako hautagaitza norberak aurkez dezake ala beste norbaitek. Puntu.eus-eko Lorea Arakistainek azaldu duenez, “sarritan, balizko hautagaiek ez dute sinisten sarirako egokiak izan daitezkeenik. Horregatik, hirugarrenen hautagaitzak proposatzeko bidea erraztu dugu, izan ere, Gladys Sarirako aproposak izan daitezkeen emakumeak pentsa baino gertuago ditugu.” Norbait proposatzeko nahikoa izango da hautagaiaren izen-abizenak eta harremanetarako datuak ematea eta labur azaltzea hautagaia Gladys Sarira aurkeztearen arrazoia.
Ingurune digitaleko edozein arlotan ari diren eta 2024an gehienez 40 urte dituzten emakumezkoek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko epea ekainaren 20ra arte egongo da zabalik eta, aipatu bezala, nork bere burua aurkez dezake sarira edo hirugarren batek proposa dezake hautagaia. Dagokion inprimakia betez aurkeztu behar da www.gladyssaria.eus webgunean. Hautagaitza irabazleak 4.000 euroko diru-saria eta oroigarria jasoko du.

