Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna sortu dute

Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna sortu dute Hasierako fasean dago eta gaur-gaurkoz 106 kontzeptu jasotzen ditu. Euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko terminoak bildu dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ingurune-digitaleko-hiztegi-eleaniztuna-sortu-dute/@@download/image/IMG-8211.jpg
2022/02/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hasierako fasean dago eta gaur-gaurkoz 106 kontzeptu jasotzen ditu. Euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko terminoak bildu dituzte.
Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna sortu dute

Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztunaren (IDE) hastapenak aurkeztu dituzte Azkue, Elhuyar, Euskaltel eta PuntuEus Fundazioek. Proiektua Elhuyarrek eta Azkuek jarri zuten abian, ingurune digitalaren arloko hutsunea bete nahian. Honela azaldu dute sustatzaileek proiektuaren premia: "Azken urteotan, asko garatzen ari da arlo hori, eta etengabe sortzen dira zalantzak eta beharrak hizkuntzaren erabileran. Haiei erantzuteko, arlo zehatz horretako terminologia lantzen da hiztegi honetan: hainbat kontzeptu bildu eta euskarazko terminoak jaso dira, eta haien erabilera normalizatzea da egitasmoaren helburua. Hala, erreferentziazko hizkuntza-baliabide bat gehiago izango dute eskura hezkuntzarekin eta lan-munduarekin lotutako sektoreek, testuak sortzen eta itzultzen diharduten profesionalek eta gizarteak, oro har". Proiektua abian jarri eta gerora, Euskaltel eta Puntueus fundazioak ere batu ziren. 

Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna ide.eus webgunean dago kontsultagai. Kontzeptuen terminoak lau hizkuntzatan bila daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Definizioa, berriz, euskaraz irakur daiteke. Horretaz gain, irudiak ere txertatu dituzte, definizioen bidez emandako informazioa osatzeko eta itxura erakargarriagoa izateko. Gainera, informazio osagarri gehiago ere eskaintzen da, beste baliabide batzuetarako esteken bidez; adibidez, Wikipedia, Euskara Batuaren Eskuliburua eta Elhuyar aldizkaria.

Une honetan 106 kontzeptu jasotzen ditu hiztegiak, honako atal hauetan banatuak: Internet, informatika, sare sozialak, telekomunikazioak eta zibersegurtasuna. Aurten beste 150 kontzeptu sartuko dituzte, eta, besteak beste, Game Erauntsiaren hiztegia gehitu eta osatuko da. Hala, lehengoez gain, atal hauek ere izango dira hiztegian: merkataritza digitala (bankuak eta salerosketak), marketing digitala eta bideo-jokoak. 

Bestetik, hiztegiaren bultzatzaileek aditu-talde bat osatu dute, ekarpenak egin ditzaten eta lantaldean egunerokoan sortzen diren zalantzak elkarrekin argitu ditzaten. Une honetan, hauek dira aditu-taldeko kideak: Aitzol Astigarraga (Wikilarien Kultur Elkartea), Sagra Crespo (Berritzegunea), Igor Leturia (Elhuyar), Urtzi Odriozola (Game Erauntsia eta Codesyntax), Leire Palacios (Puntueus), Olatz Perez de Viñaspre (EHU-IXA)eta Asier Sarasua (Codesyntax). Hiztegia osatuz joan ahala, termino berriak ere webgunean izango dira kontsultagai.