Ingurumeneko Zinemaren Zikloa hasiko da gaur Gasteizko Floridan
Hegaztien Mundu Eguna ospatzen da udazkenaren hasieran, eta hori dela eta, Txoriastea, izaera kontserbazionista duen Ingurumeneko Zinemaren Zikloaren hamaikagarren edizioa antolatu dute, gaurtik asteazkenera, Florida zinema-aretoetan.
Gaur, Rodrigo Sorogoyenen As Bestas pelikula emango dute. Benetako gertaeratan oinarrituta dagoen landatar kutsuko thrillerra da. Landa-inguruneko egungo zenbait arazori buruzko hausnarketa egiten du filmak, hala nola landa-eremura bizitzera joaten diren komunitate autoktonoen eta urbaniten arteko balio eta begiraden gatazkari buruzkoa. Jaime Ortiz de Urbina biologoak filmaren inguruko aurkezpen laburra egingo du.

Bihar Ken Loch zuzendariaren Kes filma ikusteko aukera izango da. Barry Hines idazlearen A Kestrel for a Knave (1968) eleberrian oinarrituta dago. Hezkuntza eta gizarte gaiak jorratzen ditu eta hegaztiek protagonismo handia dute. Udane Sanchez Rey animaliekin egindako terapiak ekar ditzakeen onurei buruz arituko da solasean.

Azkenik, Alberto Fernandez Vegasen Aroak dokumentala proiektatuko dute. Euskal Herrian filmatuta dago eta urtaroak, bizitza-zikloa eta gizakiak natura-ingurunearekin duen lotura jorratzen ditu. Lanak Euskal Herriko lurra eta kultura lantzen ditu eta landatar munduko antzinako bizimoduak eta bizimodu modernoagoak ere ikus daitezke. Saio honetako hizlaria dokumentalaren zuzendaria bera izango da eta dokumental bat ekoizteko prozesua eta lanaren gakoak azalduko ditu.
Saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera hiru eurokoa izango da.
