Ingeborg Bachmann. Mina ikus dezagun

Ingeborg Bachmann. Mina ikus dezagun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ingeborg-bachmann-mina-ikus-dezagun/@@download/image/idazlea2_1446552517.jpg
2015/11/16
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Ingeborg Bachmann (1926, Klagenfurt, Austria – 1973, Erroma, Italia) idazle austriarrari eskainia da hamargarren Munduko Poesia Kaiera. Nagore Tolosak hautatu eta itzuli ditu kaierako poemak.




1938ko apirilean Hitlerren soldaduak Klagenfurten sartu zirenean hautsi omen zen Bachmannen haurtzaroa. 1945 ostean eta alemanez idazten zuten idazle askok bezala Nazismoak erabilitako hizkuntza hartan nola idatzi, eta are gehiago, mundu berri bat nola idatzi izan zuen kezketako bat. Bertso forma eta errima konbentzionalekin hautsi eta hizkuntzaren filosofian sakondu zuen. Der Gute Gott von Manhattan (Manhattango jainko ona [1958]) irratirako antzerkiak jaso zuen saria onartzeko idatzitako diskurtsoan "egileak mina ukatu edo ezkutatu beharrean, ikus dezagun ezagutarazi egin behar duela" berretsi zuen.

Lehen ipuin laburrak Wiener Tagezeitung egunkarian argitaratu zituen. 1950ean filosofian doktoretza lortu zuen. Hainbat irratirentzat lanean hasi zen, berriak idazten lehenik, irratirako antzerkiak idazten gero. Baina bere poesiari esker lortu zuen sona literarioa. 1953an bertako parte zen Gruppe 47 talde literarioak ematen zuen ospe handiko sari literarioa jaso eta Die gestundete Zeit (Gerorako utzitako denbora) lehen poema-liburua argitaratu zuen. Urte horretan Erromara joan zen bizitzera. Hiru urte geroago argitaratu zuen bigarren eta, bizi zela, azken poema liburua.

1971an argitaratu zuen Malina, lehen nobela, Hiltzeko erak izeneko sailari hasiera ematen ziona, baina 1973ko irailean, Erroman, barruan zegoen gelak su hartu zuen. Ospitalean hil zen, urriaren 17an; gertakariak ez dira erabat argitu oraindik.

Bibliografia hautatua


•    Die destundete Zeit (Poema-liburua, 1953).
•    Anrufung des Grossen Bären (Poema-liburua, 1956).
•    Der Prinz von Homburg (Opera librettoa, 1960).
•    Das dreißigste Jahr (Ipuin laburrak, 1961).
•    Der junge Lord (Opera librettoa, 1965).
•    Malina (Nobela, 1971).
•    Simultan (Ipuin laburrak, 1972).
•    Ingeborg Bachmann, Munduko Poesia Kaierak (itzul: Nagore Tolosa, Susa, 2015).