"Influencer" izateko ikasketak eskainiko ditu Irlandako unibertsitateak

Ez gabiltza txantxetan. Influencer izatea ez dela lan serio bat uste duzunetakoa bazara, jakin 2024. urtetik aurrera Irlandako unibertsitateak karrera bat eskainiko duela influencer izaten ikasteko. Hiru urtetako ikasketak dira eta bertan hainbat ikasgai jorratuko dira, beste edozein karreretan bezala.
Irlandako Southeast Technical University-k eskainiko ditu ikasketa hauek lehen aldiz eta edukien sorkuntza eta sare sozialen lizentziatura deituko da.
Oraingoz Irlandan bakarrik egongo bada ere eskaintza, beste herrialdeetan honelako ikasketak sortzeko lehen pausoa izan liteke, ziurrenik eskari asko jasoko dituen karrera izango baita. Gero eta gazte gehiagok amesten dute edukia sortzetik bizitzea eta zer hobe ikasketa batzuekin oinarriak finkatuz hastea baino?
Unibertsitateak eskaini duen informazioaren arabera lizentziatura honen bitartez ibilbide arrakastatsua izan zenezake gailu digitalak erabiliz, mundu osoko milioka pertsonekin bat egiteko aukera edukiko baituzu. Ikasketa batez ere sare sozialetako marketinean erdiratuko da.
Horretaz gain, karrerak edukiak sortzen ere irakatsiko du, ahalik eta gehien zukutuz sare sozialek eskaintzeko dutena. Horretarako, lizentziatura hau egiten duenak eduki digitalak erredaktatzen ikasiko du, baita estrategia digitalak sortzen ere.
Influencer izateko ikasketetan landuko diren gai zehatzen artean marketin digitala, harreman publikoak, datuen analisia, psikologia soziala, hizkuntza bisuala, bideo kreatiboak, storytelling-a eta kazetaritza egongo dira, besteak beste.
Guzti honetaz gain, ikasketak osatzeko zenbait eskaintza gehiago ere baditu: pertsona famatuen azterketa, psikologia eta lan esperientzia, beste aukeren artean.