Ines Osinagak irabazi du Joseba Jaka beka

Ines Osinagak irabazi du Joseba Jaka beka Urtebeteko epea izango du 'Itsasoa da bide bakarra' diskoa egiteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ines-osinagak-irabazi-du-joseba-jaka-beka/@@download/image/c1abc30d-6f6f-4b81-9a04-44fe737c7607.jpeg
2022/04/06

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Urtebeteko epea izango du 'Itsasoa da bide bakarra' diskoa egiteko.
Ines Osinagak irabazi du Joseba Jaka beka

Elkar Fundazioak 2016an jarri zuen Joseba Jaka beka berriro martxan, eta orduan sormen bekaren bidea hautatu zuten. Hala, deialdi bakoitzean zein kultur adierazpidetarako sormena lagunduko den erabakitzen dute. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan zen beka, eta aurtengo deialdia musika proiektuak laguntzeko izan da. 

Hemezortzi lan aurkeztu dira guztira aurtengo deialdian, eta Ines Osinagaren Itsasoa da bide bakarra proiektuak lortu du beka, Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategi eta Jon Eskisabel Urtuzagak osatutako epaimahaiak hala erabakita. Osinagak 10.000 euroko beka eskuratu du, urte betean proiektua gauzatu dezan. 

Sara Zozaya eta Jon Eskisabel epaimahaikideek honela arrazoitu dute beka Osinagaren proiektuari eman izana: “Proiektu bizia dela baloratu dugu, aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena. Oso kontuan hartzeko ezaugarria iruditzen zaigu beka baten formatua duen dirulaguntza ematerakoan. Proiektu anbiziotsua eta artistikoki interesgarria iruditu zaigu. Batetik, duela zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa planteatzen du, disko hartako kantuak testuinguru ezberdin batean birsortu eta berrinterpretatzea proposatzen duelako. Proiektuaren beste hanka, berriz, hamar kantu berrik osatzen dute, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutakoak. Disko bat egitetik haragoko proiektua da, Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, oso garrantzi handia dute proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira. Azkenik, proiektuaren atzean dagoen musikariaren esperientzia eta maila artistiko egiaztatua”.

Ines Osinagak sariak sormen prozesuan "sekulako bultzada" emango diola nabarmendu du: “Sormen prozesua ez da erraza izaten, batzuek uste dute bat-bateko kontua izaten dela, eta ez da hala. Zailtasun eta krisialdi asko izaten da tartean; emaitza ona lortzeko aurretik hamar zirriborro zaborretara bota behar izaten ditut nik behintzat. Zentzu horretan, beka honek ematen didan aitortza oso garrantzitsua da niretzat”. 

Proiektuaren lehen zatia Kuban garatu du, duela gutxi Habanan izandako egonaldian. "Emakume musikari asko eta oso interesgarriak" ezagutzeko aukera izan duela aipatu du Osinagak, eta bertatik jasotzen ari den kolaborazio eta bertsioekin osatuko du lana. Beka lortu duen proiektuak hiru zati dituela aurreratu du musikariak: lehena, ikerketa eta sormen lanerako izango da; bigarrena, materiala lantzeko erabiliko du; eta honen ondoren, diskoaren A eta B aldeak aterako dira. 

Maiatzean izango den sari banaketa ekitaldian jasoko du beka Osinagak.