Ines Osinaga (Gose): Joseba Sarrionandiari enbidoa jo genion, eta berak guri ordagoa

Ines Osinaga (Gose): Joseba Sarrionandiari enbidoa jo genion, eta berak guri ordagoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Ines Osinaga (Gose): Joseba Sarrionandiari enbidoa jo genion, eta berak guri ordagoa
Ez da Gose taldearen azken diskoa. Ez dira Joseba Sarrionandiaren azken poemak. Ezta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolearen azken sorkuntzak ere. ‘Gosariak’ da, irakurketa asko izan ditzakeen lana. Hau, Ines Osinagarena:


Zein izan zen proiektu berezi hau piztu zuen txinparta?
Gogoa genuen Josebarekin kanta bat egiteko, herri honetako musikari askok bezala. Eta disko laranjako kanta baterako hitzak idazteko eskatu genion. Baietz esan zigun, baina bere mezua Durangoko Azokan, Ahotsenean, disko laranja zuzenean aurkeztu genuen egunean iritsi zen, lagun baten bitartez. Ez zituen soilik kanta baten hitzak idatzi nahi, zerbait berezia egiteko gogoa zuen, nahiago zuen disko oso bat egin, guk horrela nahi baldin bagenuen. Beraz, guk berari enbidoa jo genion, eta berak guri ordagoa. Handira eta txikira, euki.

Zein izan da lan egiteko izan duzuen modua?
Lan egiteko modua ez da beti bera izan. Batzutan kanta baten hitzak heldu dira, beste batzutan guk bidali dugu abestiaren gidoia eta berak ostean idatzi ditu hitzak... Ez dizkigu hamaika hitz sorta bidali eta guk hamaika kanta egin. Alde horretatik sukaldeko lana benetako elkarlana izan da. Taldean egindako lan guztietan egoten da negoziazioa eta amore ematea. Horregatik irten da lan polita, eta horregatik izan da polita elkarrekin lan egitea. Hori bai, argi geneukana zen ez zela izango Goseren ohiko disko bat, Joseba Sarrionandiaren hitzekin. Horregatik proiektuarentzako izen aproposa topatu behar genuen: Gose-ren eta Sarriren artean... Gosariak! Kar, kar, kar!

Azken emaitza ikusita argi geratzen da ez dela Goseren disko bat, eta horretan zerikusi handia dute Iñigo Arregik eta Juan Luis Goikoleak.
Estetika oso markatuta duen taldea gara, eta ez genuen horren esklabu izan nahi. Badaukagu lagun bat eskultorea, beste bat marrazkilaria... haiei ere enbidoa jo eta proiektuaren hirugarren aldea egiteko eskatu genien. Euskarri fisikoaren aldeko aldarri eta apustua izan da. Produktu hitza ez zait gustatzen, baina artefaktu bat egin nahi izan dugu. Ez da disko bat, ez da liburu bat... bakoitzak ikusiko du zer egin: liburuen apalean ala apaleko eskultura bezala jarri.

Musika industriaren krisi sakonean omen gaudenez, eta diskoa baino gehiago eskaini behar denez, hamaika disko-liburu plazaratu dira. Lan hau haratago doa?

Badira urte asko eta zenbait disko autoekoizpenaren bidea hartu genuena, eta egia esan, ez dakigu diskoetxeek nola lan egiten duten; bai guk lan nola egiten dugun. Egia da lan hau edozein diskoetxerentzat gozoki bat izan zitekeela, baina argi geneukan autoekoiztua izango zela. Era berean, bestelako ideia oso politak egon diren arren, (kaxa handi eta edizio mugatua egin zitekeen, adibidez) jendearentzat eskuragarria egin nahi izan dugu, lau haizetara zabaldu ahal izateko modukoa.

Sarrionandiaren hitzek Gosera oraindik hurbildu ez den jendea erakar dezakete? Edota alderantziz, diskoak Goseren zaletuak Sarrionandiaren literaturara hurbildu?

Baliteke baietz, baina ez dakigu zer pasatuko den. Egia dena da Sarriren hitzekin egin ez balitz, disko hau ez litzatekeela horrelakoa izango. Eta ziur naiz baita ere, Gosek ez balitu kantatuko abestiak ez liratekeela horrela sortuko. Alegia, ez dira hamaika poema musikatu. Horretaz gain, guk beti esaten duguna: hau da orain proposatzeko duguna; probatu eta gustuko baduzue on egin dagizuela. Eta gustuko ez baldin baduzue, ez galdu denborarik, beste hamaika proposamen interesgarri ditugu inguruan; segi gustuko duzuenaren bila.

Era berean, musikara zein hitzetara hurbiltzen direnetako batzuentzako, pintura edota eskultura hurbileko ez dituztenentzako, lehenengo pausoa emateko aukera izan daiteke?

Bai. Eta horretaz gain, proiektu honek badu beste kontu deigarri bat: belaunaldien arteko nahasketa nabarmena da. Iñigok, Juan Luisek eta Sarrik beraien artean agian bai konpartitzen dute belaunaldia, baina Gosariak barruan gazteenaren eta nagusienaren artean 30 urteko aldea gutxienez badago. Beraz, esan genezake bi belaunaldi oso diferente direla, lan egiteko modu diferenteekin, baina batu garenok mezu bera izan dugu zabaltzeko, gauza berak kontatzeko, eta beraz erronka polita izan da. Bestetik, desherria hona ekartzeko aukera izan dugu, eta guk beti esan dugu mikrofonoa eskuetan dugula eta arma hori erabiltzen dugula kontatzeko ditugun gauzak esateko. Kasu honetan, kantatzeko daukaguna Josebak kontatzeko daukana da.

Hitzetan eskua sartzerik izan duzue edo eskatu diozue gai jakin baten gainean idazteko?
Imajina dezakezuena baino elkar eragin handiagoa egon da. Josebak asko parte hartu du musikan eta guk ere asko parte hartu dugu hitzetan; noski, azken hitza bakoitzak du bere alorrean. Baina benetako elkarlana izan da. Egia da Sarri idazle bezala denok daukagula, batez ere bere zaleok, altaretxo batean jarrita. Baina behin altare horretatik jaisten denean eta pertsonarekin lan egiten hasten zarenean... Benetan polita izan da.

Kantuei dagokionez, doinu arabiarrak, rap-a, jazz ukituren bat, palmak... denetik entzun daiteke. Esan duzu ez dela Goseren disko bat, baina proiektu musikala den heinean, egin duzuen gauzarik bariatuena da?
Bai, agian bai. Dena dela, bariatua ez izatea ez da gure ezaugarrietako bat. Disko guztietan kanta oso diferenteak batu ditugu, betiere oinarrian trikitixa eta musika elektronikoa izan da, eta euskaraz abesten dugula, baina hortik atera daitekeen edozein gauza izan daiteke Goseren kanta bat. Hala ere, argi dago zenbait hitz ez genituzkeela kantatuko horrelako proiektu baten baitan ez balitz. Eta adibidez, Bederatzi te kikara basamortu ertzean kantaren hitzak heldu zirenean, argi genuen musikak nondik joan behar zuen. Eta ziur naiz Josebari ere kanten maketak heldu izan zaizkionean, alde batetik edo bestetik inspiratuko zutela.

Horixe galdetu nahi nizun, ea hitzek eskatu duten musika jakin bat, edo estilo ariketa bezala ulertuta libre sentitu zareten.
Hasieratik sentitu nahi izan dugu libre, eta horregatik du proiektuak beste izen bat; ez genuen Goseren seigarren diskoa izatearen esklabu sentitu nahi. Behin pisu hori eta konplexuak gainetik kenduta, berriro ere sudur puntan jarri zaiguna egin dugu. Agian egongo da Goseren puristaren bat hau ez dela Gose esaten duena. Horri erantzuteko badugu erantzuna: hau ez da Gose, hau Gosariak da.

Hitzak euskaraz dira, baina liburuan gaztelaniazko itzulpena ere sartu duzue. Zein arrazo dago hautu horren atzean?

Arrazoia da Josebak hala nahi izan duela. Guri ez zaigu aldrebesa egin, gure disko guztietan hitzak gaztelaniara itzulita baitaude. Horretarako gure arrazoiak ditugu; Goseren barruan norbanakoen arteko harremana elebitan egiten dugu, nahiz eta mikrofonoaren atzean dagoenak euskaraz abestu. Zorionez edo zoritxarrez elebiduna den herri baten bizi gara. Hori alde batera utzita, kanta bakoitzak testua euskeraz zein gaztelaniaz dauka, eta baita iruzkinak ere. Hori oso Sarri da; bere liburuek dituzten argibideak askotan testuen artean igeri egiteko inportanteak izaten dira. Uste dut iruzkin horiek kantak kokatzen dituztela, testuingurua ematen dietela. Hitz guztiak beste ipuintxo batekin bidaltzen zizkigun, eta konturatu ginen idazten zituen gauza asko benetan oso politak zirela proiekturako, eta bota genion horiek ere konpartitu eta diskoan argitaratu nahi genituela.

Eta zein izan zen erantzuna?

Sarrik askotan egiten duen moduan, zera esan zigun: "Beno, rebisatuko ditut".
Beraz, testu guztiak ez dira berberak izango, baina horiei esker kantak testuinguru batean jarri daitezke. Adibidez, lehen kanta, Errua, oso hitz potenteduna da, ausarta, zintzoa, eta momentu honetan herri honetan hori abesteak badu berea. Eta argi geneukan diskoa irekiko zuela, hau da, norbaitek zalantzarik balu zertaz hitz egingo genuen, horra intentzioen deklarazioa. Eta kantaren alboan doan testuak laguntzen du benetan kantaren hondoraino heltzen. Edo diskoko azken kantaren kasuan, Belengo albisteak, Gernikako Marijesiekin lotutakoa da, doinu horri tiraka egin genuen musika, eta alboko ipuina irakurrita barruraino sartzeko aukera duzu.

Hain zuzen, ‘Belengo albisteak’ bizkaieraz idatzita dago, eta halaxe kantatu duzu.
Bai, eta gu ez gara orain arte euskalkian kantatzearen oso zaleak izan. Nik ez dut euskalkian gustura kantatzen, bizkaieraz etxean egiten dut eta eszenatokian nahiago dut batuan kantatu. Gainera, batuak ematen duen distantziak lagundu egiten dit. Kanta honen kasuan, Palestina eta Gernika ageri dira, bi bonbardaketa, eta gainera kanta hori egin genuenean Gazako bonbardaketak puri-purian zeuden eta barru-barruraino heldu zitzaigun. Fabrikari itxaroteko eskatu eta diskoan sartzea erabaki genuen. Bizkaierari dagokionez, ez da edozein bizkaiera, Gernikako bizkaiera da bere bustidurekin, eta horrek kantari xama berezia eman dio.

Amaitzeko, ‘Gosariak’ zuzenekora eramango duzue?

Bai, eramango dugu, eszenatokira igotzea asko gustatzen zaigulako. Iruditzen zaigu kantak zuzenean kantatzen ditugunean jaiotzen direla. Noski, Gosariak zuzenekora proiektuaren alor musikalak eramango du, Gosek. Eta datorren negu amaiera eta udaberria hartuko ditugu horretarako, Durangoko Azokako ajea pasatu ondoren. Kontzertu bereziak egin nahi ditugu, ez dira asko izango, gutxi izango dira, eta zuzeneko horrek iraungitze data izango du. Beraz, Gosariak ikusteko aukera izango duzue, baina denbora tarte jakin batez, beraz, argi ibili!