Ines Osinaga: “Ez da zaila kezkak aurkitzea: ireki ezazu egunkari bat!"

Ines Osinaga: “Ez da zaila kezkak aurkitzea: ireki ezazu egunkari bat!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ines-osinaga-ez-da-zaila-kezkak-aurkitzea-ireki-ezazu-egunkari-batquot/@@download/image/82p28ines1_1363723308.jpg
2008/02/01
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Lander Garro
Ines Osinaga: “Ez da zaila kezkak aurkitzea: ireki ezazu egunkari bat!"
Jakiteko, ezagutzeko, asmatzeko edota aurkitzeko gose izaten da Ines Osinaga, eta ez du hura asetu arte lasaibiderik aurkitzen. Kirio hutsa da. Oholtza gainean nahiz oholtzatik kanpora, gauzak pentsatzen dituen bezalatsu esaten ditu, gerta zer gerta. Gose talde indartsuaren ahotsa da Ines, eta baita trikitia ere. 

Euskal Herriko esku soinuaren historian, aurreneko aldiz ausartu ziren Arrasateko Gose taldekoak infernuko hauspoa musika elektronikoarekin uztartzen, eta uzta erritmo gogorrekin nahiz gitarra biziekin nahasten. Emaitzaz, bi disko plazaratu dituzte —azkena, II, kaleratu berria—, eta lortu dute, bai, entzulerik. Ines abeslariarekin hitzordua egin du GAZTEZULOk. Non? Jatetxe batean, jakina! Jan eta hitz egin: biak erraz egiten ditu Inesek, mokaduen eta hitzen balioa estimatzen duela agerian utzita.  

Sexuaz asko hitz egiten du Gose taldeak; zergatik?

Asko hitz egiten dugu? Ez zait iruditzen. Uste dut geure egunerokoan egiten duguna baino gutxiago egiten dugula. Jendeak, lagunartean-eta, asko hitz egiten du sexuaz, baina gero hori ez da musika taldeen hitzetan islatzen. Gure kasuan pixka bat gehiago, baina ez dugu asko hitz egiten.

Beste musika taldeek baino gehiago, behintzat, bai.

Agian, bai. Baina ez zait geurea beste taldeekin konparatzea gustatzen. Sexuaz hitz egiten dugu geure bizitzan dagoelako. Ezin izango nuke futbolaz hitz egin, futbolaz ez baitakit ezer. Pixka bat aldarrikatzailea ere bada.

Sexuaz, oro har, arazo balitz bezala hitz egiten da. Ez dela egiten, edo gaizki egiten dela, gaixotasunak direla eta abar. Zuen kasuan, aldiz, sexuaz beste modu batean hitz egiten duzue. Baten batek sexua eta plazera lotzea eskertuko dizue!

Ez nuen horretan pentsatu, baina egia da. Duela urte eta erdi ETBko Kalaka saiora gonbidatu ninduten. Sexuaz eta gazteez hitz egin nahi zuten. Ritxiri deitu nion [Ritxi Aizpurua, taldearen ekoizle, lagun eta aholkularia da], zer egin jakiteko. Joateko esan zidan, eta joan egin nintzen. Ritxirengan konfiantza osoa dut, eta kasu egin nion. Hantxe elkartu ginen gay bat (bai, gay bat), sexologo bat, Opuseko bat, mediku bat, filosofo bat eta abar. Hasi ginen berbetan: ez dagoela informaziorik, gauzak gaizki egiten ditugula eta betiko kontuak. Ezin nuen hura eraman, eta, azkenean, esan nuen: "Oso arduraduta nago, zeren eta hemen hogei minutu daramatzagu sexuaz hitz egiten, eta inork ez du plazera aipatu". Gero galduta ibili nintzen, berbalari profesional horien guztien erdian. Handik hilabetera berriro deitu ninduten, gazteen eta prekarietatearen inguruan aritzeko, eta ezetz erantzun nien: "Ni musikaria naiz; musika zuzenean sartzeko asmoa baduzue, deitu, bestela ez".

EITBn zuzeneko musika oso gutxitan entzuten da.

Bai. Gaztea Sarietan, tele maratoietan eta horrelakoetan musika ez da inoiz zuzenean izaten. Pena da. Geuk baldintza bezala jartzen dugu. Egia da, hala ere, musikariak erraz erortzen garela beste era bateko jokoetan, eta zerbaiterako deitzen gaituztenean, joan egiten garela. EITBko albisteetako aurpegietako bat bertsolaria zela esatearekin, ia dena esanda dago, ezta?

Beaucoup de police kantan hitz egiten duzue gauza horiez (eta gehiagoz). Ez duzue apenas inor ahazten!

Bai, baten bat ahaztu dugu, bai… Abesti horrek esaten duena, nolabait, ondorengoa da: kritikatzen dugun horixe garela. Santomasetan txapela janzten dugu, eta gainerako egunetan ezer ez zaigu axola; txistorra barratik desagertzen denean, dena ahazten dugu.

Alegia, folkloreaz haratago ez dugula geure kultura maite…

Baskito mozorrotzea asko gustatzen zaigu, baina bakarrik une patriotiko batzuetan.

[Inesekin elkarrizketa bat eramatea ez da erraza. Gaiez gai ibiltzen da saltoka. Halako batean aurreko galderan esan gabe utzitako zerbait gogoratzen du. Atzera, aurrera; atzera, aurrera. Baina ez da, era berean, azalean geratzen: ur sakonetan dzanga egiten du bat-batean. Tribialtasuna gogor baztertzen dutenetakoa da: horretan ez dago zalantzarik. Bitartean, Garraxi jatetxean —hitzordua bertan egin dugu— taldekideak agertu dira, Josema teknikariarekin batera. Elkarri zirikatzen aritu dira, une batez, ordu batzuk aurrerago Donostiako Egia auzoko Gazteszenan eman beharreko kontzertuaz].

Gose izena nondik dator?
Ezustean asmatu genuen, presaka, asko pentsatu gabe. Maketatxo bat grabatua genuen hiru kantarekin. Ritxik eskatu zigun maketa, eta bagenuen logoa, baina ez izena. Izena berehala asmatu behar genuen, eta Gose suertatu zen. Esanahiak gero etorri ziren, baina izenaren sorrera ez zen horren poetikoa izan. Izenak iradokitzen duen guztia, anbiguotasun hori, izena jarri ondoren deskubritu dugu, baina gogoko dugu.

Anbiguotasuna?

Bai, bai. Gose? Zeren gose? Guztiaren gose! Ez dakit, guk gose mota asko dagoela aldarrikatu nahi dugu: ezagutzeko gosea, bizitzeko gosea, sexurako gosea… Horiek denak hor ditugu, eta beharrezkoak dira. Horiek desagertuz gero, seinale txarra.

Jakinmin handiko neska zara?

Ez dakit… Baietz esango nuke. Gauza berriak probatzea gustuko dut, baita jatekoak ere! Gauza ezezagunekiko eta ezberdinekiko jarrera ona izaten dut. Iñaki [Iñaki Bengoa taldekideaz ari da; taldearen beste erdiaz, nolabait] eta biok bateragarri izatea hortik dator. Ni melodia naiz, bera erritmoa; ni premia, bera lasaitasuna; bera iraunkorra, ni aldakorra…

Aldakorra izanda, musika egitea ez da erraza izan behar.

Oso langile izan beharra dago, aldakortasuna lanaz estaltzeko. Inbidia pixka bat ematen dit iraunkortasunak, gauza jakin batean aritzeko ahalmen horrek… Ni indar handiz hasten naiz gauza batean, baina berehala beste bat agertzen da, eta kosta egiten zait aurrekoari eustea.

Oreka ere erraz galtzen da iraunkortasunik gabe; are errazago, musika eta antzeko kontuetan.  

Loa eta jatekoa dira, niretzat, orekari eusteko modurik onenak. Nire bizimoduarengatik, askotan, zaila izaten da horiek fundamentuz egitea, eta, horiek berreskuratzen ditudanean, oreka berreskuratzen dut. Ondo lo egin, eta garbi jan: horiek dira gakoak. Azken bederatzi hilabeteak ikaragarriak izan dira, ia 24 orduz izan dugu makina martxan, eta zaila izan da niretzat printzipio horri eustea, baina tira… Ez pentsa, dena den, ordenaren zale naizenik. Desordena ere gustuko dut; bizimodu hau. Beste bizimodu bat edukitzea, Arrasate aldean, ez da zaila: diru sarrera bat, astebururo eskiatzera joan, hipoteka bat eta abar. Baina nik nahiago izan dut beste bizimodu hau, eta ez dut damurik.

Argi daukazu musika egin nahi duzula?

Bai. Betidanik izan dut oso garbi, eta betidanik egin dut. Txikia nintzenean, halako organutxo bat nuen, eta harekin ibiltzen nintzen; gero, soinuarekin…

Badago esaterik zeure ametsa betetzetik nahiko gertu zabiltzala?

Inork esan balit, duela zenbait urte, orain bigarren diskoaz hitz egiten ariko ginela, eta 50 kontzertu baino gehiago joko genituela taldearekin…

Gosek, gainera, azkar lortu du arrakasta, oso azkar.

Hasieratik goraka egin dugula uste dut; ia etenik gabe gertatu zaizkigula gauzak. Estudioan halako kanpamendua dugu, eta hara ia egunero e-mailen bat iristen zen, ezustekoren batekin, ia denak onak. Pauso txikiak eman ditugu horri esker. Iaz Eutsi! filma iritsi zen, eta sekulakoa izan zen. Diskoak, ordurako, urtebete baino gehiago zuen, eta orduan hasi zen benetan ezaguna izaten. Bitxia da hori; batik bat, hemen. Diskoa atera eta orduan zara protagonista, baina handik bi hilabetera pasatuta dago.  

Zein da arrakasta horren arrazoia?

Ez dakit arrakasta esan dakiokeen… Arrakasta da, akaso, alternatiba bat izatea, musika aldetik proposamen berriak egitea… Zer da arrakasta?

Musika egin, entzuleak lortu eta entzule horiei esker musika gehiago egin ahal izatea, musikaz bizitzea…

Taldearekin gustura egotea, edota eszenatokian gozatzea; horiek dira gauza garrantzitsuak. Jende gutxiren aurrean ere dena ematen jakitea, alegia. Duela gutxi Bartzelonan kontzertua eskaini genuen, eta hiru ikusle genituen. Jo genuen, eta amaitutakoan, konturatu ginen oso ondo aritu ginela, oso gustura!  

Eszenatokia gustuko duzu?

Pila bat. Ia-ia gehien gustatzen zaidan gauza! Beste gauza bat gogokoago dut, baina hor utziko dugu... [Kar, kar] Trikia jotzea ere asko gustatzen zait. Musika oso-oso dibertigarria da niretzat. Herriko azken jaietan, adibidez, bazkaritan nintzela, kontzertu batera joan behar nuela esan nuen. Lagunak, elkartasunez, kontsolatzen hasi zitzaizkidan: orain haraino joan beharra! Baina nik arazorik ez nuela esan nien, oso gustura joango nintzela... Eta haiek harrituta geratu ziren: jaiak utzi eta lanera! Niretzat, ordea, lan hau lan guztietan onena da. Ez nago oholtzan bezain gustura inon ere.

Egiten duzunarekin oso zoriontsua omen zara. Zoriontasunetik sortzea ez da zaila?

Zoriontsua? Ez nuke horrelakorik esango. Oso gustura nago egiten dudanarekin; esnatu eta, oheratu arte, gustuko dudana egiten dut. Baina zoriona zoriona da. Beti izan behar da kexuren bat, edo kezkaren bat. Ez da zaila kezkak aurkitzea. Ireki ezazu egunkari bat! Zoriona zaila da, eta, gainera, oso erlatiboa. Zoriona izorratzeko gauza apropos ugari dago. Esate baterako, herri honetan ez direla gauzak aldatzen, eta benetan ez zaigula axola: hozkailua beterik edukitzea baino ez zaigula axola. Nire herrian %90 eskiatzera joaten da asteburuetan; hauxe da geure herriaren errealitatea. Gazte horien %75ak hilero 1.500 euro baino gehiago irabazten du: zein kezka izan behar dute? Nik ere soldata finkoa nuen, eta hura utzi nuenean —musika egiteko—, inork ez zuen ulertzen.

Arrasaten aberastasun handia dago…

Bai, eta horrek sekulako eragina du. Gauzen ikuspegia erabat aldatzen da. Ni hipotekek, adibidez, nire onetik ateratzen naute. Ni zorionekoa naiz, ez dudalako horretan sartu behar izan, eta kontua, nolabait, kanpotik ikusten dut, baina ezin dut haserratzea saihestu.

Elkarrizketa amaitzear da, eta ez dugu diskoa aipatu ere egin…

Diskoa! Durangorako atera nahi genuen. Hemen dena Durangoren arabera neurtzen da, badakizu. Hasieratik erabaki genuen ez genuela diskoetxerik hobetsiko; masterra edukita hasiko ginela hori pentsatzen. Guk ateratzea ere ez da gauza txarra. Egia da, ordea, diskoetxeak lana kentzen duela, bulegoko lana, eta hori zuk zeuk egin beharra eragozpen handia dela. Batek musika egin, eta besteak saldu: horrela behar du.

Zu zeu musika saltzen jarriko bazina, ez zenuke gaizki egingo, noraino sinesten duzun eta zenbateko ilusioa transmititzen duzun ikusita.

[Kar, kar] Ez, etzazu pentsa.

Gustura zaudete emaitzarekin?

Pozik gaude, bai.

Bi mugarri


Gose taldearen ibilbidean, bi mugarri daude, biak ala biak nahikoa harrigarriak. Diskoa plazaratu eta gutxira, Eutsi! filmaren kanta egiteko gonbitea jaso zuten. Filmak oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian, eta, oihartzun horren bultzadaz, Gose taldeak nerabezarotik heldutasunera egun batetik bestera egin zuen jauzi. Azken eslogana kantak orduak eta orduak bete zituen irratietan, abesti gogorra eta zorrotza izan arren. “Hor konturatu ginen hedabideen indarraz, eta, alde horretatik, guri alde positibotik eragin digu. Arrakasta eduki nahi baduzu, ez atera diskorik: egin ezazu film batentzako kanta!”. Hori egin ahal izateko, ordea, diskoa eduki behar da lehenik. Eutsi! filmaren arduradunak kanta egiteko taldearen bila ibili ziren, eta Gosekoek beraien musika bidali zuten. Talde asko entzun eta gero hartu omen zuten Goserekin elkarlanean aritzeko erabakia. Apustuaren emaitza ia denok entzungo zenuten: gauza bitxia egin zuten, martxa tankerako musika, zirku girokoa, balkaniar itxurakoa eta oso itsaskorra, buruan bueltaka geratzen den horietakoa.

Musika talde bati zerk, nola eta noiz eragingo dion ez dago jakiterik. Batzuetan inbertsio handiak egiten dira, emaitza onik lortu gabe, eta, beste batzuetan, talde apalenek lortzen dute anonimotasunaren langa zaila gainditzea. Garrantzitsuena, hauxe: badaezpada hor egotea, zain, zelatan, erasokor. Taldearen bigarren mugarria—Carlinhos Brown abeslari brasildarrarekin aritzeko aukera—, izan ere, printzipio horri jarraitzeagatik iritsi zitzaien Gosekoei. “Bitartekari baten bidez geure musika helarazi genion, anbizio berezirik gabe. Berak ez du telonerorik eramaten, eta horrek bere konpainiarekin arazo ugari ekarri zion. Geure musika entzun zuenean, ordea, geurekin aritzeko gogoa sortu zitzaion, nonbait, eta hortxe sortu zen berarekin jotzeko aukera”. Esperientziari dagokionez, ez omen zen oso berezia izan: Carlinhos Brown nahikoa morroi petrala iruditu zitzion Inesi. “Gurekin oso ondo portatu zen, hori da egia, baina bere taldekoekin aginkerian ibiltzen zen; ez zitzaidan bere jarrera gustatu. Nire ustez, benetan, ez da saltzen duen tipo jator eta mistiko hori”.

Kontzertu gutxi horiek, ordea, ate asko ireki zizkioten Goseri; batik bat, Espainian. Adibidez, Radio 3k eta TVE2k elkarrekin egiten duten Los Conciertos de Radio 3 saioan aritu ziren, irratiz nahiz telebistaz. Euskaraz aritzen diren oso-oso talde gutxik lortu dute hori (jakina da euskaraz jardutea Espainian garesti ordaintzen dela, Espainiako hizkuntza ofiziala izan arren…). “Kontzertu hartan erabaki nuen lana uztea: ezin nuela gauza guztietara iritsi”. 

ines osinagaren kuttunak



Musika: Garbage, 200.0 diskoa: “Disko horrek musika ulertzeko modua aldatu zidan, musika elektronikoa deskubrituarazi zidalako: "Beste mundu bat dago!", esan nuen”.
Zinema: Amelie.
Liburua: L"amour dure trois ans, Frédéric Beigbeder. “Idazle frantziarra da, berez publizista dena. Badu beste liburu bat, 9,99:  pila bat gustatzen zait. Liburu hau argitaratu zuenean, lanetik bota zuten, publizitatearen mundua txikitzen zuelako”.
Kontzertu bat: Saint Germain, Bilboko La Casillan. “Oso kontzertu berezia izan zen”.
Plater bat: Gazta tarta.