Indarrean sartu da Arma Nuklearren Debekuaren ituna

Indarrean sartu da Arma Nuklearren Debekuaren ituna Nazio Batuen Erakundeak (NBE) prozesu osoan "gizarte zibilak izandako rol erabakigarria" azpimarratu nahi izan du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/indarrean-sartu-da-arma-nuklearren-debekuaren-ituna/@@download/image/Captura de pantalla 2021-02-04 a las 7.58.34.png
2021/02/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) prozesu osoan "gizarte zibilak izandako rol erabakigarria" azpimarratu nahi izan du.
Indarrean sartu da Arma Nuklearren Debekuaren ituna

Arma Nuklearren Debekuaren ituna 2017an negoziatua eta onartua izan zen NBEan, baina aurtengo urtarrilaren 22an sartu da indarrean ehundik gora herrialdek berretsi ostean. Alta, potentzia atomikoen oposizioari eta NATO bezalako erakundeei aurre egin beharrean jarraitzen du. 

Azken bi hamarkadetan onartutako armagabetze nuklearreko lehen itun aldeaniztuna da. Bertan sinatutako herrialdeak arma nuklearrik ez garatzeko, eskuratzeko, biltegiratzeko, erabiltzeko edota hauekin mehatxatzeko konpromisoa hartu dute. Dokumentuak gainera, zehazten du itunera batu nahi duten herrialdeak dituzten arma nuklearrak agertu eta suntsitu beharko dituztela. 

Egun, itunean parte hartzen duten 120tik gora Estatuetatik 86k dokumentua sinatu du eta 51k bere adostasuna berretsi dute. Itunaren bultzatzaileek onartzen dute ez dela aurreikusten inongo potentzia atomiko etorkizun hurbil batean itunera batzea, baina konfiantza dute arau berri honek presioa egingo duela dituzten arma nuklearrak suntsitzeko erabakia har dezaten. 

NBEak ituna indarrean jarri zenean prozesu honetan gizarte zibilaren ezinbesteko rola goraipatu zuen. Ituna indarrean jarri izana pertsona askoren ahalegina indartsuari esker izan da, aipatu zuen António Guterres erakundearen idazkari orokorrak. Portugaldarrak gogorarazi zuen arma nuklearrak hazten doan mehatxua direla eta munduak neurriak ahalik eta azkarren hartu behar dituela hauek ezabatu eta gizadiarentzat zein ingurumenarentzat atzera bueltarik ez duten ondorioak ekiditeko.