Indarkeria matxistari aurre egiteko musika erabiliko dute Gasteizen

Gasteizko Berdintasun Zerbitzuak gazteak hausnarketara bultzatu nahi ditu musikaren bitartez indarkeria matxistako jokabideak identifikatu eta zuzentzeko. Horretarako Libre Izan Nonahi prebentzio kanpaina abiatu du.
Ligoteo sanoa lantegiaren bidez, eta Ningra, Haizea eta Dupla taldeko kidearen laguntzarekin, barneratutako estereotipoei buruzko hausnarketa sortu nahi da, eta generoari dagokionez diskurtso apurtzaileak dituzten artistak ezagutzeko aukera eman.
Musikaz pentsatzen dugunean dantza etortzen zaigu burura, eta horrekin batera gaua, festa eta ligoteoa. Musika ardatz hartuta, horrek indarkeria matxista areagotzeko duen eraginaren inguruan eta ligatzeko moduen inguruan hausnarketa bultzatuko dute.
COVID-aren aurretik eta pandemia garaian nola ligatzen genuen aztertuko dugu, eta ligoteo sanorako proposamen bat sortuko dugu, azaldu dute Berdintasun Zerbitzutik. Kanpainaren barruan antolatutako 4 lantegien arteko bigarrena da otsailekoa.
Libre izan nonahi kanpaina 12 eta 26 urte bitarteko gazteengana modu dinamikoan iristea du helburu, indarkeria matxistari eusten dioten balioen eta sinesmenen sisteman eragiteko helburuarekin. Programa tresna bat gehiago da Indarkeria matxista prebenitzeko estrategiaren barruan, eta jarduerak bat datoz Hara! Genero Berdintasunerako IV. Planarekin.