Incognito: musikaren maila gorenean

Incognito: musikaren maila gorenean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/incognito-musikaren-maila-gorenean/@@download/image/11p8-2_1371124650.jpg
2001/09/07
erreportajea
Aritz "Sound System"
Incognito: musikaren maila gorenean
Musikaren mundu konplexu eta erakargarri honetan estiloetan sailkatzen ditugu musika mota desberdinak. Estiloek "inposatzen" dituzten mugen gainetik, berriz, musika ona edo txarra dagoela esango dute batzuek, eta garrantzitsuena bakoitzaren gustu pertsonalak direla besteek. Incognitoren musika gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu, baina inork ez du ukatuko maila altuko musika denik.

Hamar urte bete ditu Incognito sendiak, eta sendia diogu, talde bezala baino abeslari eta musikari desberdinek osatutako sendi handi baten antzera antolatu delako hasieratik. Familia guztiek behar dute ama edo aita, eta Incognitoren kasuan Jean-Paul "Bluey" Maunick izan da paper hori jokatu duena. Bera izan zen 1981ean Incognitoren proiektua martxan jarri zuena, eta bera izan da urteotan guztiotan Incognitoren arima. Soul, jazz, funk eta bossa nova musiken maitale amorratua, azken urteotako disko dotore eta interesgarrienen egile izan da. Lan horretan ez da bakarrik aritu, eta horretarako Ingalaterrako jazz musikari onenen laguntza izan du. Aldatzen joan diren musikariak izan dira, Jean-Paul-en filosofia hori izan baita hasieratik; talde finko bat osatu beharrean musikari berriak hezi eta bultzatzea.  Gauza bera gertatu da Incogniton hainbeste garrantzia duten abeslariekin. Egia da Maysa Leak izan dela Incognitoren ahots nagusia (eta a zer nolako ahotsa gainera!), baina ezin ahaztu Christopher Ballin, Chyna, Imaani, Dianna Joseph, Jocelyn Brown, Joy Malcolm, Karen Bernod, Kelli Sae, Linda Muriel, Mark Anthoni, Pamela Anderson eta Xavier Barnett.
Guztien artean inoiz egin den musikarik sentikorrena osatzea lortu dute, behin eta berriz entzunda ere inoiz nekatzen ez zaituena. Guzti honen adibide da Incognitok kaleratu berri duen "Life stranger than Fiction" (Talkin Loud, 2001) lana.  

Rice disketxea

Gitarrajole eta musika konposatzaile aparta izateaz gain, Jean-Paul "Bluey" Maunick negozio gizona dela argi erakutsi du. Rice izena du hark martxan jarritako disketxeak. Incognitoren diskoak Talkin Loud zigiluarekin kaleratzen ditu "Bluey"k, Ingalaterran egiten den musikarik dotore eta interesgarriena kaleratzen duen disketxea. Rice disketxea, bere aldetik, Incognitoren inguruan mugitzen den jende askorentzat aukera ezinhobea da bere lanak argitaratzeko. Horren adibide garbia da Innershade taldearen "4 Corners" (1998) diskoa, edota Maysa Leak-en "All My Life" (2000) eta Citrus Sun-en "Another Time Another Space" (2000) diskoak.