(I)NC: matxinadarako deia

(I)NC: matxinadarako deia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inc-matxinadarako-deia/@@download/image/18p14-1_1370379090.jpg
2002/04/05
erreportajea
Alberto Bocos
The International Noise Conspiracy taldea apirilaren 14an, igandea, izango dugu Bilbon. Ohi bezala, (I)NC-koek subertsiorako deia egingo dute. 

Europako iparraldeko boskote hau ez da ohiko punk-rock garaje taldea. Musika taldea da, politikoa eta subertsiboa.

Beharbada, musikari dagokionez, ez du ezer berririk ekartzen. Hala ere, lan itzela egiten dute eszenatoki gainean eta lehengo taldeetan jasotako estilo ezberdinek bat egin dezaten saiatzen dira.

Politika, bestalde, ez da "politikoki zuzenera" mugatzen, ezta "ghetto underground"-era ere. Bere aldakarrikapenak egiterakoan, ez dute duda izpirik ere komunikabiderik komertzialenak edo alienatzaileenak erabiltzeko.

Izan ere, haien leloa ahalik eta jende gehienarengana iristea da. Ez dira, ordea, euren planfetoez gora eta behera dabiltzan predikatzaile txaplatak. (I)NC-koak atsekabea zabaltzera mugatzen dira, matxinadaren irudia hedatzera, inongo talde edo erakundetan parte hartu gabe.

Oso argi dute kultura herrikoian subertsiorako osagairik harrigarrienak edo biderik eraginkorrenak aurki daitezkeela. Gezurrak esateko, gatazkak sortzeko eta nork bere erantzunak, inongo buruzagi edo doktrinaren laguntzarik gabe, bilatzeko gonbitea egiten dute. Aitortu egiten dute euren diskoak ez direla garrantzitsuena inorentzat, baina dena den, ziur daude euren kantuek mundu osoko polizia eta indar faxista, kapitalista eta globalizatzaile guztiek baino gehiago iraungo dutela.
Zenbat taldek lortu dute Txina bezalako herrialde zapaltzaileetan legez kanpo sartzea, legez kanpo jotzea eta hala ere, onik ateratzea?

Taldea


Dennis Lyxzèn (ahotsa; Refused taldean ibilia)
Lars (gitarra eta ahotsa; Separation-eko kide ohia)
Sara (organoa eta perkusioa; Doughnuts eta Saidiwas taldeetan ibilia)
Ludwig (baxua; Saidiwas-eko partaide izandakoa)
Inge (baxua; The Female Anchor of Sade-ko kide ohia)

Oinarrizko diskografia


“The First Conspiracy” (1999, g7 Welcoming Committe Records)
“Survival Sickness” (2000, Burning Heart Records/Epitaph.Rcs)
“A New Morning, Changing Weather”(2001, Burning Heart Records/Epitaph.Rcs)