Inarrosten mundua, irakiten zeluloidea

Inarrosten mundua, irakiten zeluloidea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inarrosten-mundua-irakiten-zeluloidea/@@download/image/85p42dead_1363635688.jpg
2008/05/02
erreportajea
Testua: Alberto Irazu


68ak gaur egun ezinezko liratekeen zeluloide puska asko utzi zizkigun. Urte hartan film apartak estreinatu ziren; zinemaren historiara pasatu diren harribitxiak. Mundua inarrosten ari zen, eta zinemagileek irakiten jarri zuten zeluloidea.

Bestela, nola liteke George A. Romerok (Night of the living dead), Amerika garbia zombie hezur-haragizkoenen habi bihurtu izana? Nola liteke, holokausto nuklear baten eraginez tximinoak munduaren jabe bihurtzea (Planet of the Apes, Franklin J. Schnafer), eta Charlon Heston bera Miss Liberty lurperatuaren aurrean negarrez hastea? Edota, nola demontre ausartu zen Roman Polanski jauna Rosemary's baby filmean, non eta Manhattan erdian, non eta Dakota eraikinean, Mia Farrow katolikoa deabruarekin kopulan jartzen?
Inarrosten ari zen mundua; irakiten zeluloidea.

Segi dezagun adibideekin: 68ko giro hura bertatik bertara dastatu nahi duenak, jo beza Jean Luc Godarden Simpathy for the devil dokumentalera. Eta urrunago jo, eta eskizofreniaren mugetan sartuta esperimentatu nahi duenak, har beza Richard Fleischerren The Boston Strangler, eta Tony Curtisek bikain jokatutako phsycho killer beldurgarri hura.  Fincher eskolako hiltzaile ankerrak oso modan jarri dira azken urteotan, baina egia esatera, inork ez du piztia sadiko hura gainditu (Hannibal Lecter antxumea da haren ondoan).

Bai, erabat inarrosita zegoen mundua, eta galaxietako abentura lisergikoak ere ez ziren sobera lasaigarriak (An space odissey, Stanley Kubrick). Eta gure galaxia honetan bertan, Guardia Zibila nerbioak jota zebilen Fernando Larruquetek eta Nestor Basterretxeak Ama Lur estreinatu behar zutelako Donostiako Zinemaldian. Egia esan, oliba koloreko horiek ezer gutxi aldatu dira urte guztiotan, batek baino gehiagok 68an umorez kantatu ohi zuen hura ahaztuxea duen arren: "Que se vayan, se vayan, se vayan…".  

68a. Mundua inarrosita, eta zeluloidea irakiten: eskerrak Peter Sellersek, okasiorako oliba kolorez mozorrotuta, barrez lehertzen jarri zuen planeta erdia (The party, Blake Edwards). Bestela…